Nolatan oiartzuar bat didgeriddoa jotzen?
16 urterekin Londresera joan nintzen eta orduan ikusi nuen lehenengo aldiz didgeridooa, kontzertu batean, eta soinuak erakarri egin ninduen. 20 urterekin Londresera itzuli nintzen denboraldi bat pasatzera eta didgeridoo bat oparitu zidaten. 10 urte daramatzat berarekin atzera eta aurrera.
Eta ikasi, non ikasi duzu?
Ikasi, Europan ikasi dut, hemen ez baitago maisurik. Gaur egun Euskal Herriko maisu bakarra naiz. Holan-dan, Frantzian, Italian, Alemanian, Belgikan izan naiz. Eta Australiako aborigenekin hilabete egin nuen.
Gaur egun ere jotzen al dute Australian didgeridooa?
Bai, jotzen dute. Ez bakarrik aborigenek; Australiako musika tresna tipikoa da.
Aurretik beste musika tresnarik jotzen zenuen?
Ez, batere ez.
Beraz, hutsetik, musikaz ezer jakin gabe, hasi daiteke?
Noski. Ni beti izan naiz musikazalea, baina ez edozein gazte baino gehiago. Geroztik bai, geroztik saxoa, perkusioa eta muxukitarra jotzen ikasi dut.
Zein formazio behar da didgeridooa jotzeko?
Printzipioz ez da ezer jakin behar, ez solfeorik, ez ezer. Ikasteko gogoa behar da.
Didgeridoa. Zer da? Nolakoa?
Tresna oso berezia da, librea da, bakoitzak ezberdin jotzen du, naturak egiten duen instrumentua da, ez du gizakiak egiten, pipiek egiten dute. Enborra jan eta zulatu egiten dute. Bi zulo besterik ez ditu , goikoa eta behekoa. Berez, eukaliptoarekin egiten da; baina gaur egun banbuarekin egiten dira asko. Edo-zein egurrarekin egin daiteke.
Haritzarekin ere bai?
Bai, edozein egurrekin. Baina materiala aldatuz gero, soinua aldatuko zaio... Bai, baina berdin da. Didgeridoo bakoitzak bere soinua baitu.
Pisu handia du?
4-6 kilo artean pisatzen dute normalean.
Zein eratako soinua du?
Soinu grabea da. Grabea eta sakona. Arnasketa zirkularra erabiltzen da eta soinu konstantea lortzen da.
Notak baditu?
Didgeridoo bakoitzak nota bat dauka. Moderno batzuk notak dituzte baina berez unitonoak dira.
Orduan nola egiten da musika?
Nahiz eta aizezko instrumentua izan, perkusiozko instrumentu bezala erabiltzen da. Orduan, erritmoak egin daitezke.
Zein eratako musika egiten du?
Asko erabiltzen da erlajaziorako. Erabilera asko ditu, baina batez ere erlajatzeko erabiltzen da, edo instrumentu erritmiko bezala.
Beste tresnakin jo daiteke?
Asko jotzen da perkusioarekin, baina edozein tresnarekin jo daiteke. Nik 30 tresna ezberdinekin jo izan dut.
Piezak ditu edo dena bat da? Ez al da tresna aldrebes samarra batera eta bestera eramateko?
Berri batzuk desmontatzen dira, baina berez pieza bakarra da.
Gitarra eramatea be-zala da.
Zer egingo duzu zehazki Hernaniko Dantzari Festan?
Nik didgeridoo kontzertua emango dut, bakarka. Sei didgeridoo ezberdin eramango ditut.
Diskak ere egin dituzu. Zenbat?
Hiru egin ditut bakarka: Yurrlunggur, Didjeridoo Hotsak eta Hamar. Orain, hil honetan, Ramas diska atera dugu Samar taldekoak.
Zer da zuretzat didgeridooa, lana, afizioa?
Bertsolari batek esan zidan bezala: Afizioa, ofizioa. Niretzat lana da, baina asko maite dudan instrumentuarekin.