Udaleko langileek lan arriskuei buruzko jardunaldiak egingo dituzte ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 23a, 02:00

udaleko, Osasun eta Gizarte Ongintzako eta Udal Kirol Patronatuko langileek lan segurtasunerako eta osasunerako bigarren jardunaldiak egingo dituzte ostiralean. Ikastaro berriak egingo dituzte, batzuk orokorrak eta besteak beren lanpostuekin zerikusi zuzena dutenak. Helburua da lan arriskuei aurre hartzeko formazioa izatea. Jardunaldiak orain egiteko arrazoia da datorren astelehenean, apirilak 28, Lan Osasunerako Munduko Eguna dela.

Punta-puntako ikastaroak
Hernaniko Udalak jakitera eman ditu ostiraleko jardunaldien nondik norakoak eta zergatiak. Prentsa oharrean dioenez, Udalak «apustu handia egin du lan arriskuei aurre egiteko» eta esan du jardunaldi hauen helburua dela «lan arriskuei aurre egiteko kultura sortzea, lan istripuekin bukatzeko». Horregatik, ikastaroetan aholkuak jasoko dituzte «pentsakera, ohitura, jarrera eta portaera desegokiak aldatzeko». Horretarako, langileek aukera izango dute beren lanpostuari loturiko ikastaro zehatzak egiteko.

Formazio orokorra eta espezifikoa
Ostiraleko jardunaldiek bi zati garraitzitsu izango dituzte. Goizeko lehenengo orduan lanpostu zehatzei propio bideratutako ikastaroak jasoko dituzte: lehenengo sorospenekoak, klinika laguntzaileek eta teknikari sozio-sanitarioek; BBEak erabili eta mantentzeari buruzko ikastaroa, udal eraikinetako mantzentze lanekoek, Ura eta Argia zerbitzukoek, Biteriko atezainek, obretako langileek eta kiroldegiko eta ongintzako mantzentze lanekoek. Ongintzako garbitzaileek eta labanderiko langileek, udaletxeko atezainak eta lurperatzaileak, produktu kimikoei, kutsatzaile biologikoei eta zama manipulatzeari buruzko ikastaroa egingo dute; eta bulegoetako, euskaltegiko eta liburutegiko langileek bulegoetako arriskuei buruzko ikastaroa egingo dute.

Ebakuazio simulakroa
Ondoren, langile guztiak elkartu eta arrisku psikosozialei buruzko ikastaro orokorra egingo dute; jarraian, ebakuazio simulakroa Biteri kultur etxean, eta bukatzeko amaiera ekitaldia.

Zerbitzu batzuk itxita
Udalak jakinarazi du jardunaldiak medio, ostiralean udal zerbitzu batzuk itxita izango direla: Udaletxean erregistro zerbitzua bakarrik izango da irekita; Biteri kultur etxea eta euskaltegia itxita izango dira goiz osoan; eta Enplegu Zer-bitzua, Ongintzako bulegoa eta Kiroldegiko bulegoa itxita izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!