Eskerrik asko Robertori eta musika eskolako irakasle guztiei

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 22a, 02:00

Orain dela urte batzuk gure seme-alabak Hernaniko Musika Eskolan hasi ziren. Orduan gurasoon zaletasunak eraman zituen, baina urteak pasa ahalean beraien gogoa behar izan da musika ikasten jarraitzeko. Lan horretan irakasleek parte handia izan dute eta beraiei esker jarraitu dute askok musika bizitzen eta gozatzen ikasten. Horietako bat Roberto izan da. Urte hauetan, klaseak emateaz gain, gure seme-alabak entsaiatzera animatu ditu, entsaiatu gabe klaseetara joan direnean (eta, batzuen kasuan, askotan gertatu da) beste nolabait animatu ditu, musika maitatuko zutela sinistuz; emanaldi ugari prestatu ditu, Hernanin bertan batzuetan, inguruko herrietan besteetan, bere jai egunetan askotan; musika talde desberdinak osatu ditu ikasleen gogoa behin eta berriz berpiztuz eta guzti honekin batera gurasoekin hitz egiteko eta lasai aritzeko denbora ere hartu du. Larunbatean, Elgoibarren izan zen Musika Lehiaketan berak prestatutako taldeek sariak irabazi zituzten eta baita berak egindako moldaketak ere; joan zen ikasturtean ere maila guztietan berak prestatutako taldeek eraman zituzten sariak. Guk gure zorion beroena bidali nahi diogu, baina ez bakarrik sari horiek irabazteagatik, baizik eta, batez ere, horien atzean dagoen urteetako lan isilagatik eta, are gehiago, gure seme-alabekin egindako guztiagatik. Zorionak eta eskerrik asko Roberto eta musika eskolako irakasle guztiei

Mirari Otxandorena Noble Hernani Musika Eskolako ikasleen guraso talde baten izenean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!