Bozeramaile Batzordea bildu zen atzo Udaletxean, eta bertan PPk aurkeztutako mozio bat aztertu zuten. PPk zentsura mozio bat aurkezteko eskaria egin zien oposizioko alderdiei, EAE-ANV alderdia Alkatetzatik kendu eta «Udaletxean demokrazia berreskuratzeko». Hernaniko Udaleko PPko zinegotziak bakarrik babestu zuen berak aurkeztutako mozioa; PSE-EE alderdiko ordezkaria abstenitu egin zen eta EAE-ANV, EAJ, EA eta EBko ordezkariek aurka bozkatu zuten. Beraz, EAE-ANVren aurkako «presazko zentsura moziorik» ez da izango Udalean. Atzoko Kronikak zioen, PPk aurkeztutako zentsura mozioa aztertuko zuela Bozeramaile Batzordeak. Hori ez da zuzena: PPk aurkeztutako mozioak oposizioko alderdiei eskatzen zien zentsura mozio bat aurkezteko.
EAE-ANV: «PPk ezin du eraman ezker abertzaleak gehiengo zabala izatea»
Marian Beitialarrangotia Alkateak atzoko mozioaren gainean azpimarratu zuen Partidu Popularrak ezin duela eraman Hernanin Ezker Abertzaleak gehiengo zabala izatea. «Demokrazia berreskuratzeko» deia luzatu du Hernaniko PPk eta Beitialarrangoitiak azpimarratu du, «PPren demokrazia eredua Lizartzakoa bada», EAE-ANV ez dutela inoiz alboan izango. Hernaniarrek maiatzaren 27ko hauteskundeetan beren iritzia eman zutela adierazi du Alkateak, «eta gustatu edo ez» errespetatu beharra daukatela iritzi hori. Azpimarratu du Udal hauteskunde guztietan lortu duela Ezker Abertzaleak babesik haundiena, eta politika orokorrean gertatzen diren gauzetatik aparte, Udal gestioan gauzak egiteko moduagatik eta Hernanirako duten proiektuagatik lortu dituztela emaitza horiek.
PSE-EE: «Arrazoiak ulertu arren, ez dago mozio zentsurarako baldintzarik»
Jose Ramon Chica PSE-EEko bozeramaileak azpimarratu zuen PPk mozioan aurkeztutako arrazoiak ulertzen dituela, baina ez dagoela baldintzarik zentsura mozioa aurkezteko. Horrek aurretikako lana eskatzen duela nabarmendu du PSE-EEk.
EAJ: «PPk beharrezkoa uste badu, aurkeztu dezala»
Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak esan zuen PPk ez duela beraiei zertan eskatu mozio zentsura bat aurkezteko. «PPk uste badu aurkeztu behar dela, aurkeztu dezala. EAJk egunen batean hala usteko balu, berak aurkeztuko luke» nabarmendu du.
EA: «Alderdi bakoitzaren eskubidea da mozio zentsura aurkeztea»
Iñaki Arratibel EAko udal bozeramaileak azpimarratu du zentsura mozioa aurkeztea alderdi bakoitzaren eskubidea dela, eta ez diola PPk beste inori eskatu behar zentsura mozio bat aurkezteko. Eusko Alkartasunako zinegotziak nabarmendu du, zentsura mozio batek, euskarri sendo bat behar duela, gobernu akordio bat eta gobernu programa bat. PPk egindako eskaria, udal aldaketarako baino, komunikabideei zuzendua izan da Arratibelen iritzian.
EB: «Ez digu esan behar zer egin behar dugun»
Beatriz Fernandino Ezker Batuko Udal bozeramaileak ere azpimarratu zuen, alderdi batek ez diela besteei zer egin behar duten esan behar.