Mandoegin parke eolikoa?

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 20a, 02:00

Maila teorikoan behintzat energia eolikoa sustatu eta bultzatzea ekimen interesgarria, aurrerakoia eta guztiz beharrezkoa dirudi. Kezka edo kritika gehiago sortzen dizkit energi berriztagarrien harira Europa edo Gasteizko Instituzioak garatzen ari diren politika energetikoaren eredua. Biokonbustibleekin gertatzen ari dena begi bistan da: labore horiek oreka ekologikoaren aurka eta oinarrizko elikagaien laborantza tradizionalen aurka egiten ari dira. Beste azpiegitura energetikoekin ere antzeko prozesua gertatzen ari da, azken finean helburua ez da petrolio edo antzeko erregaiak ordezkatzea, energia aurreztea eta kontsumoa gutxitzea; baizik eta gero eta energi gehiago kontsumitzen eta xahutzen jarraitzeko gero eta energi gehiago sortzea eta mota guztietako energi zentralak eraikitzen jarraitzea. Hau dena dator jakin berri izan dugulako Mandoegin egin nahi den parke eolikoaren proiektua iada eginda dagoela. Mandoegin hasi eta Urepel mendi ingururaino, Berastegi aldean, bost kilometroko luzera izango du parke eoliko honek eta bertan 55 metroko altuera duten 35 errota jarriko dira. Behar bada onura asko izango ditu proiektu honek baina beti bezala herritarrei behar bezalako informazioa ez zaigu bideratzen. Hor nonbait ere Hernaniko Udalari eta beste udalei ere informazioa apenas helarazi zaie. Horrelako eraikin edo azpiegitura erraldoiekin Gasteizko gobernuak eta kasu honetan Eolicas de Euskadi bezalako enpresa handiek -non Iberdrolak % 50a du- beti berdin jokatzen dute: erdi izkutuka eta informazioa maila minimoetara mugatuz. Herritarrek begirune eta informazio gehiago eta gai hauetaz eztabaidatzeko aukera handiagoa merezi dugula uste dut. Mikel Arrieta Iraola
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!