Hernaniko Motolagunak taldea: urtebete eta 1.000 kilometro errepidean

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 20a, 02:00

HERNANIKO motolagunak motoklubak urtebete egin du sortu zenetik, eta hori ospatzeko gaur goizean Goizueta, Leitza eta Lekunberri aldera egingo dute buelta. Plana da Lekunberrin hamaiketakoa egitea. Ondoren, Iruñeako bide zaharretik bueltatuko dira eta Cheyenne taberna moteroan egingo dute parada, Tolosan. Urteurrena ospatzeko bidai honen berritasuna da 125 cc.-ko motorrak dituzten motoristak gonbidatu dituztela bidaian parte hartzera. Normalean 600 cc.-tik gorako motojabeak izaten dira Hernaniko Motolagunak taldean parte hartzen dutenak. Hemendik aurrera ere badago asmoa zenbait bidai zilindrada txikiagoko motoekin ere egiteko. Urtebetean 1.000 kilometro inguru Hernaniko Motolagunak 2007ko martxoaren 8an sortu zen ofizialki eta gaur egun 15 bazkide ditu. Ordutik bidaia dexente egin dituzte, guztira 1.000 kilometro inguru. Angel Gil taldeko idazkariak azaldutakoaren arabera, urtero badituzte zita garrantzitsu batzuk: ardo bodega batera bidaia, Pingüinos motero kontzentrazioa, eta motoziklismoan izaten diren sari nagusiak. Orain ekainaren 19 eta 20rako bidai bat prestatzen ari dira Pirineotara. Asteburu pasa egingo dute eta lo, Pirineoetako kanping batean egingo dute.

Balorazio ona
Urtebete honetako balorazioagatik galdetuta, Angel Gilek dio balorazioa positiboa dela, uste du jendea animatu egin dela ekintzetan parte hartzera. Horrekin batera azaldu du lokal baten premia somatzen dutela, Udalari eskatu omen zioten, baina aipatu duenez, ez omen zieten utzi talde kulturala ez dela argudiatuta.

Autofinantziatuta
Finantziazio aldetik, aipatu du, autofinantziazio bidez funtzionatzen dutela, taldearen kamisetak eta txapak saltzetik eta bazkideen kuotetatik ateratzen duten diruarekin. Lagundu nahi duenak honakoetan ditu kamisetak eta txapak salgai: Anboto eta Joxe Mari tabernak, Ibarluzeko Artzai taberna eta Orkolaga tailerrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!