SEXUALITATEA sexualitatea gure bizitzaren parte da, jaioz geroztik, hil arteraino. Baina askotan garrantzi gehiegi ematen zaio adin tarte batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, desagertu egiten da, edo desagertarazi egiten zaio. Gizartean uste asko daude sinistarazten dutenak, zahartzaroan sexualitatearik ez dagoela. Eta baldin badago ere, dagoena kalitate eta kantitate eskasekoa dela. Hain zuzen ere, uste ustel hauei buruz eta zahar-tzaroan ere sexualitateak duen garrantziaz eta onuretaz hitz egitera joan zen pasa den asteartean Ainhoa Garcia psikologoa Goiz Eguzki egoitzara. Hasiera batean entzuleak erreparo piska bat adierazi arren, piskanaka gaiari heldu eta gustura aritu ziren tertulian psikologoarekin. Hori zen, besteak beste, psikologoaren helburua, bakoitzak bere esperientziatik parte hartzea eta naturaltasunez eta zentzu positiboan hitz egitea.
Definizioa eta onurak
Lehenik eta behin, sexualitatearen definizioaz hitz egin zuten: zer den, zer ez den, zertarako, harreman motak, sexualitatea maitasuna eman eta jasotzeko bide dela eta abar.
Sexualitateak adin horretan dituen abantailak eta onurak azpimarratu zituen, izan ere, onurak besterik ez ditu adin guztietan, baita zahar-tzaroan ere: ona da osasunerako, bizi kalitaterako eta, oro har, hobeto izateko, besteekin eta nor bere buruarekin.
Uste okerrak
Sexualitatea eta zahartzaroaren gaineko uste okerrak aztertu zituzten ondoren, guztien artean. Askotan uste okerrek eta informazio ezak, sexualitatearekiko jarrera ezkorrak eragiten ditu eta berataz gozatzeko aukerak eta gogoak kendu. Egia da, psikologoaren esanetan, aldaketak izan, izaten direla, fisiologikoak, psikologikoak eta sozialak baina ez dira oztopo zahartzaroan sexualitateaz gozatzeko.
Abantailak
Are gehiago, azpimarratu zuen psikologoak, abantailak ere baditu zahartzaroak, esate baterako, haurdun geratzeko arriskurik ez dago eta munduko denbora guztia dago sexuaz gozatzeko. Bizi esperantza gero eta luzeagoa da, eta tarte luze hori aprobetxatu behar da gozatzeko eta ahalik eta zoriontsuen izateko. Garaiak ere aldatu egin dira eta zaharrek ezagututako beldur, uste oker eta abar asko desagertu egin dira, beraz, sexualitateaz gozatzeko aukera berriak daude.
Aholkuak
Adin guztietan dago zer hobetua sexualitatean eta horretarako aholkuak eman zituen psikologoak: sexuari buruz hitz egitea, ariketa fisikoa egitea, elikadura zaintzea, lagungarriak erabiltzea, nork bere burua zaintzea, bizitzarekiko eta sexulaitatearekiko jarrera positiboa izatea eta abar.
---------------------------------------------------------------------------------------------------
Ainhoa Garcia, psikologoa:
«Gaztetan kantitatea bilatzen da, zahartzaroan kalitatea»
Zahartzaro eta sexualitateari buruzko uste oker asko dago.
- Zahartzaroan jaitsi egiten da sexuarekiko interesa. Ez da egia. Sexualitatea bizitzeko eta gozatzeko erak aldatzen dira.
l-Menopausiarekin sexualitatearekiko interesa jaisten da. Ez da egia. Gainera, bere abantailak baditu, esaterako, haurdun geratzeko beldurrik ez duzu.
-Itsusia da jende helduaren sexuarekiko interesa. Gezurra. Polita da oso horrelako bikote bat ikustea.
-Sexualitatea gazteen kontua da. Gezurra. Sexualitatea bizitzeko modua aldatzen da; gaztetan agian kantitatea bilatzen da gehiago, zahartzaroan kalitatea.
-Sexua esatea, koitoa edo sarketa esatea da. Beste guztia ez da ona edo arraroa da. Gezurra. Ez dago sexuaz gozatzeko modu bakarra eta denak errespetatu behar dira.
-Zahartzaroan sexua praktikatzea txarra da osasunarentzat, ahuldu egiten du. Justu kontrakoa; sexua ona da osasunerako, bizi kalitaterako eta oro har, hobeto izateko, besteekin eta nor bere buruarekin.
-Pertsona zaharrek ez dute sexurik behar. Sexualitatearen definizio zabal batetik abiatuta, sexualitatea eta honen bidez ematen den afektua gizakiaren parte dira, beharrezkoak. Guztiok behar dugu babes emozionala.