FITXA
•Jaiotze data: 1976ko ekainaren 30ean, Hernanin.
•Bizitokia: Azkoitia.
•Altuera: 1,78m.
•Pisua: 74kg.
•Postua: Defentsa
zentrala edo laterala.
•Ibilbidea: Real Unión (1994-1997), Ferrolgo Racing (97-98), Barakaldo (98-02), Burgos (02-05), Palentzia (05-06), Burgos (06-07) eta Eibar (07-..).
Nolakoa izan zen zure hasiera
futbolean? Zein taldetan jokatu zenuen?
Hondartzako futbolean hasi nintzen Mundarron, kadete garaian. Urte bat egin eta gero, jubeniletan Lasarteko Michelinera joan nintzen liga nazional mailan jokatzera. Eta handik Errealera, jubeniletako azken bi urteak jokatzera, liga nazionalean eta ohorezko maila nazionalean.
Segidan 2.B mailako urteak.
Jubenilak bukatuta, 18 urterekin, Real Unionek fitxatu ninduen 2.B mailan jokatzeko. Han hiru urte eginda, Racing de Ferrol-era joan nintzen. Gero, lau urtez Barakaldon, hiru urtez Burgosen, urtebete Palentzian eta beste urtebete berriz Burgosen. Guztira 13 urte 2.B mailan.
Nolatan ez duzu inoiz C.D.Hernanin jokatu?
Zirkunstantzia ezberdinengatik. Gehienbat, nire anaia, urtebete zaharragoa dena, Astigarragako Mundarron hasi zelako jokatzen lagunen eraginez. Nik bere bidea jarraitu nuen. Gainera, nire aitak hango jendea asko ezagutzen zuen eta horrek ere eragina izan zuen. Hernaniren kontra jokatzea tokatu zitzaidan, jubeniletan liga nazionalean.
Eta Hernanikoek ez al
zizuten deitu?
Bai, noski. Hernanikoa izanda beti egoten da aukeraren bat edo proposamenen bat bertan jokatzeko, baina gauza batengatik edo bestearengatik azkenean ez nuen aukeratu. Gainera, Michelinen liga nazionaleko jubeniletan jokatzen nuen eta kategoria nahiko ona zenez ba…
2.B mailan pasatako 13
denboraldi horietako zein
aukeratuko zenuke?
Igual, Burgoseko etaparekin geratuko nintzateke, jende gehienak horrekin gogoratuko nauelako. Bizkaia aldean ere jende batek ezagutzen nau Barakaldon egindako lau urteengatik, baina seguruenik Burgos izango da futbolista moduan maila eta errendimendurik onena eman dudan taldea eta askok horrekin lotzen naute.
Burgoseko azken urtean
Gonzalo Arkonada izan
zenuen entrenatzaile.
Hala da. Berarekin lehenagotik ere aritua nintzen, Real Unionen entrenatzaile izan bainuen. Horregatik jokatu nuen azken urtean zentral moduan, Real Unionen jartzen ninduen leku berean. Eta postu horretan eman dut mailarik onena seguruenik.
Orduan, baliteke bera izatea
edukitako entrenatzailerik onena.
Akaso gehien markatu nauena bera izan da. Berak eman zidalako 2.B mailan debutatzeko aukera eta hasiera haietan berarekin egon nintzelako. Gero, gainera, nire ustetan errendimendu altuena eman nuen urtean (2006-2007 denboraldia Burgosen) bera izan nuen entrenatzaile.
Oroitzapen txar bat orain.
Palentziako urtea. Arrazoi askorengatik. Batetik, Burgosen plaza saldu zutenez, jende berria iritsi zen eta gutako asko Palentziara edota beste talde batzuetara errebotatuta joan ginen. Eta bestetik, Palentziara iritsi eta sei hilabeterako lesionatu nintzelako. Zuntz haustura baten ondorioz, urtarriletik denboraldi bukaerara arte egon nitzen jokatu ezinik.
Nola definituko zenuke 2.B
kategoria?
Maila konplikatua da. Alor guztietan konplikatua. Esa-terako, ekonomikoki, hiri garrantzitsu batzuk kenduta, beste talde gehienetan zailtasunak egoten dira, ez baita laguntza handirik jasotzen. Futbolari dagokionez, kategoria fisikoa da, egon daitekeen kalitate falta konpentsatzeko.
31 urterekin eman duzu saltoa. Zergatik orain? Ez al duzu aukera gehiagorik eduki?
Aukerak bai. Ez dakidana da zorte ona ala txarra izan dudan. Urte batean Logroñesekin sinatu nuen eta zituen zorrengatik kategoriaz jaitsi zen. Gero, Burgosek 2.A mailan jokatzeko fitxatu ninduen eta hura ere jaitsi egin zen Sozietate Anonimo bilakatu ez zelako. Eta badirudi Eibarrekin hirugarrenean baietz. Beraz, minutuak ahalik eta gehien aprobetxatzen ari naiz eta baita kategoriaz disfrutatzen ere, zeren azken batean, jokalari batentzat maila berezia da, futbolistagoa sentitzen baitzara; estadio handiak, zale gehiago eta abar.
Egin zizuten beste elkarrizketa batean, Benidorm 2.B-ko taldearen eskaintza aipatzen zenuen, dirutan Eibarrena baino hobea.
Bai. Levante inguruan edo Andaluzia aldean talde asko `talonario` bidez osatzen dira, beraien helburua berehala mailaz igotzea delako eta ekonomikoki indartsuak direlako. Baina nik arantza bat neukan 2.A mailaren kontuarekin eta ez nuen zalantzarik izan Eibar aukeratzerako orduan.
Eibarrek ekonomikoa ez den atraktiboren bat izango du orduan.
Kategoria. Eta klub bezela kirolean aritzeko erraztasun guztiak ematen dizkit.
2.A eta 2.B kategorien arteko
konparazio bat egin.
Lehen esan bezela, 2.B-an joko fisikoa eta borroka nagusitzen dira eta 2.A mailan kalitate gehiago egon ohi da. Talde handietan, Malagan, Numantzian… egon daitezke lauzpabost jokalari kalitate altuagoagatik nabarmentzen direnak, eta kalitate horren ondorioz erritmo azkarragoan jokatzen dute. Baina bestela ez zait iruditzen alde oso handirik dagoenik bi kategorien artean. 2.B mailako talde on bat 2.A-n sartuta ez litzateke nabarituko. Hor gaude gu, aurten igotako taldea. Edota Kordoba, baina bueno, filosofia ezberdineko bi klub gara, zeren eta Kordoban diruz gainezka daudela dirudi.
Aurtengo liga hasieran Athleticeko Koikiliren kasua
ikusi dugu. Ezker-laterala, urte asko 2.B mailan.... Zure
kasuarekin konparaziorik
egitea posible al da?
Ez, ez. Nahiago nuke nik (parrez). 26 urterekin filial batek fitxatzea loteria tokatzea bezelakoa da. Eta filialera joan eta bapatean lehenengo taldera igotzea, ba, ez dakit zer esan… Hori, nik uste, gaur egun Athleticen bakarrik pasa daitekeela klubak dituen berezitasunengatik. Ia ezinezkoa da horrelako zeozer beste nonbait gertatzea.
Hernani aldera etorriz, orain dela aste batzuk jokatu zenuten C.D.Hernaniren aurkako lagunartekoa. Jaisten al zara Zubipera? Nola ikusten duzu Hernaniko futbola?
Zubipera tabernako Dani bisitatzera jaisten naiz (parrez). Azken urteetan kanpoan ibili naizenez ez naiz askotan hurbildu, baina normalean lagunak bisitatzeko aprobetxatzen dut, futbol partiduak ikusteko baino. Bestela, ez dut Hernaniko futbolaz iritzi handirik ematerik. Iruditzen zait azken denboraldi hauetan indartu egin direla gorengo mailan eta egiten ari diren lanagatik uste dut laister 3.mailan ikusteko aukera edukiko dugula. Proiektu bat dago eta jarraipen bat ematen ari zaie, orduan, fruituak iritsiko dira.
Hemendik aurrerako zein
plan dauzkazu?
Eibar taldearekin denboraldi hau eta datorrenerako kontratua daukat. Espero dut betetzea eta futbolean urte gehiagoz aritzea. Ez dut oraindik erretiratzea pentsatzen eta datorren urtean ikusiko dut zein bide hartu. Orain Eibar kategorian mantendu, 50 puntu lortu eta gero gerokoak.
Zein postutan jokatu izan duzu?
Orain Eibarren ezker hegalean, baina hasieran ez nuen leku horretan jokatzen, zentral postuan baizik. Real Unioneko bigarren urtean hasi nintzen lehenengo aldiz lateral bezela. Handik aurrera beti ibili naiz lateral postuan, lehengo urtera arte; Burgosen berriro zentral izan nintzen.
Zerorren jokoa eratu baino
nahiago al duzu
kontrakoarena suntsitu?
Niri, defentsa naizen aldetik, bestearen gainean egotea tokatzen zait, eta saiatu behar dut besteari jokaldia oztopatzen. Beraz, egia da suntsitzea dela nire lana. Baina bestela, joko ona gustatzen zait, nahiz eta, askotan, egin ezin den.
Hegaletik igotzea baino
nahiago lekua ondo gordetzea?
Ez da nahiago dudala. Aurten jokatzen ari naizen postua ez da nire berezkoa edo naturala. Talde batzuetan jokatu dut ezker hegaletik baina nire hanka ez da ezkerra, orduan, gehixeago kostatzen zait batzuetan igotzea. Hala ere, horiek momentuan bertan hartzen diren erabakiak dira, ez naiz horretan pentsatzen egoten.