Sagastiyako etxebizitzen eremua urbanizatzeko egitasmoa onartuko da datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 19a, 02:00

HIRIGINTZA batzordea izan zen asteazkenean eta bertan Sagastiya, babes ofizialeko 297 etxebizitza egingo den eremua, urbanizatzeko egitasmoari behin betiko oniritzia eman zitzaion. Horrek esan nahi du, datorren asteko Gobernu batzarrera joango dela egitasmoa, eta ia ziurra da bertan onartu egingo dela. Sagastiyako etxebizitzen eremua urbanizatzeko egitasmoan honako lan hauek azaltzen dira: lur mugimenduak egin, euri urak bideratu, ur zikina bideratu, etxeetan erabiltzeko ura bideratu, kaleko argiteria jarri, telefono linea pasa, sare elektrikoa egin, Euskalteleko sarea jarri, gasa jarri, kaleko banku eta gainerako azpiegiturak jarri, seinalizazioa jarri eta lorategiak egin. Lanek 6.000.000 euro pasako aurrekontua dute. Urbanizazio egitasmoa onartuko balitz, lanak adjudikatzea litzateke hurrengo urratsa. Egitasmoan agertzen denez, urbanizazio lanak 19 hilabetetan egin beharko lirateke.

Etxeberriko hitzarmena
Hirigintza batzordean Etxeberriko hitzarmenaz ere hitz egin zen. EAk aurkeztuko proposamen bat onartu zen. Hitzarmen horretan, besteak beste, agertzen da Villa Politena ondoko etxe berrietatik ateratzeko bidea egiteko akordioa. EAk azaldu duenez, hitzarmen hori joan den legealdian onartu zen eta Gobernu taldeak hitzarmen hori gauzatu behar du. Gobernu taldeak bere garaian azaldu zuen hitzarmen hori ez zela behar bezala tramitatu. EAk egindako proposamenean eskatzen dute: aurreko hitzarmena gauzatzen ez bada, alde guztiek onartzen duten beste hitzarmen bat egiteko. Hitzarmen berri hori lortzen ez den bitartean aurreko hitzarmena errespetatu behar dela dio EAk. Proposamen hau Plenoan aztertuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!