«Egunero ematen ditugu eskolak, ia berrehun ikasle baititugu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 19a, 02:00

TTARLA dantza taldeko kideak zarete. Noiz hasi zineten?
Nerea: Ni gutxi gora behera lau urterekin hasi nintzen. Eta duela bospasei urtetik hona txikien irakaslea naiz. Oihana: Ni ere horrelaxe hasi nintzen eta orain irakaslea naiz ni ere. Baina dantzan ere jarraitzen dugu.


Zer moduzko esperientzia izan zen errelebo hori?
O: Ardura handia izan zen baina gustura hartu genuen. N: Gure aurrekoak utzi eta guri esan ziguten. Sekulako emozioa sentitu nuen. Ttarla.

Zenbat urte sortu zela? Nork sortu zuen? Non elkartzen zarete?
N: Duela 15 urte sortu zen gutxi gora behera. Orduan Nagore, Juankar, Larraitz... zeuden. Dantzariak ziren eta elkartu eta Ttarla sortu zuten. Uste dut bi urte eman zituztela izenik gabe. Bitartean umeei erakusten hasi ziren. 10 bat ume omen ziren orduan. Eskolak, berriz, orain arte Biterin izan dira eta lokalak genituen Zikuñagan eta Antziolan. Duela bost urte Udalak lokala utzi zigun Garcia Goldaraz kalean eta orain oso ondo gaude. O: Egunero ematen ditugu eskolak, ia 200 ikasle baititugu, 4-15 urte bitartekoak. Ostegunero bilerak egiten ditugu eta entsaioak, helduenak, ostiral arratsaldetan.

Zer esan nahi du Ttarla izenak?
N: Ez dakit. Nik lan bat egin nuen Ttarlari buruz eta esan zidaten hasieran asko hitz egiten zutela eta dantza gutxi, eta hortik ´dantza gutxi eta mucha charla`. Hori esan zidaten.

Zer egiten duzue zehazki?
Umeekin, dantza eta jolastu. Kuestioa ondo pasatzea da, ez dena perfekto egitea. Eta helduak elkartzen garenean, ikasi. Profesionalak zarete? O: Ez gara profesionalak. N: Guri gustatzen zaigu jendeak ondo pasatzea eta dantzan ikastea. Gure kultura ere bada azken batean. O: Tristea da jendeak fandango bat dantzatzen ez jakitea.

Zenbat ekitalditan hartzen duzue parte urtean zehar?
N: Askotan. Santo Tomasa, Gabonak, Inauteriak, Dantzari Festa, Ereñotzura joaten gara, Preludioan parte hartzen dugu, Sanjoanetan... Beste herrietatik ere deitzen digute dezente... Eta ezkontzetara eta inagurazioetara ere joaten gara.

Txikiak ere badituzue. Zenbat? Nor da irakaslea?
Gutxi gora behera 200 ikasle ditugu, 4-15 bitartekoak. Zazpi irakasle gara, denak hor ikasiak.

Dantzari Festa. Zer egingo duzue zehazki egun hauetan?
O: Larunbatean 4-8 urteko umeekin aterako gara, 84 umerekin. Kale buelta egingo dugu eta umeek orain arte ikasitako dantzak egingo d-ituzte: Zapatero, Ipurdi Dantza, Sorgin Dantza, Axeri Dantza, Txulalai... Igandean, berriz, helduak aterako gara. Aurten 14-15 urteko ikasleak gurekin aterako dira.

Nola bizi dute umeek honelako egun bat?
N: Gogoz hartzen dute. Ikasitakoa erakusteko desiatzen egoten dira. Jantziak ematen dizkiegu eta txoratzen egoten dira. Datorren larunbatean, 9-13 urte bitartekoak aterako dira. Lehen denak batera ateratzen ziren baina ezin da 200 umerekin. O: Oso urduri egoten dira. Guk ere nahi gabe urduritasuna transmititzen diegu.

Dantza. Zer da zuentzat?
N: Gure bizitzaren parte bat da. Gustora egiten dugu. O: Parte handia gainera. Arratsaldero dantzan ari gara, baina gustora egiten dugu.

Lehiaketetan parte hartzen duzue? Asko mugitzen zarete batera eta bestera?
N: Ez. Normalean lehiaketak sueltokoak izaten dira, eta guk normalean taldean egiten dugu dantza.

Eta mugitu?
Ez, nahi genuke. Beno, duela 2 urte Saharan izan ginen.

Joera handia izango duzue zuek nonahi dantza egiteko?
N: Gu nahiko folklorikoak gara baina Shakira dantzatzea ere gustatzen zaigu. O: Askotan jendeak gehiegi insistitzen digu. Afaritan eta parrandan batzuetan itxura egin eta dantzan jakingo ez bagenu bezala egiten dugu.

Inork dantzan hasi nahi badu, zer egin behar du?
N: Irailean hasiko dira ikastaroak. Irekiak dira. Jende gaztea nahi dugu eta batez ere mutilak. Ia 200 ikasle ditugu eta 20 mutil besterik ez, eta helduetan ezta bat ere. Horregatik, mutilen talde bat sortu nahi dugu, ea horrela animatzen diren. Beraz, animo mutilak!!!.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!