Dantzari txikiek herria hartu eta alaituko dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 19a, 02:00

HERNANIKO Dantzari Festak 13garren urtea beteko du aurten eta gero eta arrakasta handiagoa du. Horregatik agian, antolatzaileek bi astez luzatu dute egitaraua. Bi asteburu hartuko ditu jaiak, hau eta hurrengoa, eta tartean ere izango da zer ikusi eta zer entzun. Dantzari Festan herriko talde eta jende askok hartzen du parte, festan eta antolaketan. Horiez gain, Euskal Herri osoko dantzariak bilduko dira asteburuan herrira. 400 dantzari elkartuko dira jai honen inguruan. Horiez gain, 250 bat dantzari txiki eta hauetatik 200 inguru, Ttarla dantza taldean aritzen direnak. Guztira, beraz, 600dik gora dantzari.

Dantzari txikiak eta erromeria
Gaur eguerdiko 12:00etan hasiko da jaia, Hernaniko Musika Eskolako taldeak ibiliko baitira kaleetan barrena herria girotzen. Arratsaldean, berriz, dantzari txikiak izango dira protagonistak. 18:00etan aterako dira kalera eta dantza emanaldi ederra agindu dute. Ttarla dantza taldean guztira 200dik gora ume aritzen dira eta gaurkoan gutxi gora behera erdiak kalean izango dira. Ondoren, 19:30ak aldera, erromeria izango da Plaza Berrin, Erdizka Lauetan taldearen eskutik.

Omenaldia eta bazkaria
Bihar ere ez dute egun makala izango. Goizeko 11:00etan abiatuko dira kalejiran. Festak bat egin nahi izan du egun horretan Zapa, Portu eta Luis Mariri egingo zaien omenaldiarekin eta horregatik kalejira aprobetxatuko dute, parada txiki bat egin eta lehendabizi Zapari, eta segidan, Balantxan, Portu eta Luis Mariri, dantza eta lore sorta eskaintzeko. Ondoren, dantza ekitaldiak izango dira herriko kaleetan eta auzoetan, Euskal Herri osotik etorritako dantza taldeen eskutik. Antolatzaileen esanetan, egun ia auzo guztietara iristen dira dantza taldeak eta eskertzekoa da egiten dieten harrera eta ondoren elkarteek ematen dieten hamaiketakoa. Ondoren, Gudarien plazan elkartuko dira dantzariak eta Ikurriñaren Dantza egingo dute. Jarraian, Hernaniko preso eta errefuxiatuak ekarriko dituzte gogora, eta 15:00etan bazkaria izango dute Tilosetan. Denera hamahiru dantza talde izango dira: Hernaniko Ttarla, Donostiako Eskola, Trebeska eta Goizaldi, Irungo Kemen eta Ibarla Meaka eta Oñatiko Korpus. Gainera, Gasteizko Adurtza taldea, Barakaldoko Laguntasuna, Lizarrako Ibaiega, Barkoixeko Etxahun, Donibane Lohitzuneko Begiraleak eta Donibane Garaziko Garaztarrak.

Euskal jantzien erakusketa astelehenetik ostiralera
Garai bateko euskal jantzien berri izan nahi duenak badu non ikasi. Astelehenetik ostiralera Euskal Jantzien erakusketa izango da Biterin, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, asteazkenean, Ramon Garcia historialariak Baserritaren janzkera hitzaldia emango du, Biterin, 19:00etan.

‘Lamien basoa’ ostiralean eta ‘Sokadantza’ larunbatean
Datorren ostiralean, hilaren 25ean, Gero Axular dantza taldeak Lamien Basoa izeneko ikuskizuna eskainiko du, Biterin. Larunbatean, berriz, iluntzeko 20:00etan, Sokadantza emanaldia eskainiko du Kresala dantza taldeak.

Larunbatean txikiak eta ‘Sokadantza’
Datorren larunbatean Gipuzkoako dantzari txikiak bilduko dira Hernanira eta dantza erakustaldia egingo dute kaleetan barrena. Bertan izango dira Hernaniko Ttarla dantza taldea, Irungo Ibarla Meaka, Anoetako Anoetako Udala, Errenteriako Ereintza, Donostiako Eskola eta Trebeska eta Hondarribiako Talaia.

EGITARAUA:

Apirilak 19, larunbata
-12:00etan, kalejira. Herriko kaleetan barrena. Hernaniko Musika Eskolako taldeekin.
-18:00etan, Dantzari txikien irteera eta dantza emanaldia. TTarla dantza taldearen eskutik.
-19:30etan, Erromeria. Erdizka lauetan Plaza Berrin.

Apirilak 20, igandea
-11:00etan, kalejira. Herrian barrena.
-Omenaldia Zapa, Portu eta Luis Mariri.
-Dantza emanaldia. Euskal Herri osotik etorritako dantzari taldeak. Auzo eta kaleetan barrena. (euria bada, Biterin).
-13.30etan, Ikurriñaren dantza. Dantza talde guztiek batera, Gudarien Plazan.
-Hernaniko Preso eta Errefuxiatuen omenezko ekitaldia.
-15:00etan, Bazkaria. Dantzari eta soinujoleentzat, Tilosetan.

Apirilaren 21, astelehena
-17:00etatik 20:00etara, Euskal jantzien erakusketa. Biterin.

Apirilaren 22, asteartea
-17:00etatik 20:00etara, Euskal jantzien erakusketa. Biterin.

Apirilaren 23, asteazkena
-17:00etatik 20:00etara, Euskal jantzien erakusketa. Biterin.
19:00etan, Hitzaldia: Baserritarren janzkerak. Ramon Garcia historialariaren eskutik.
Apirilaren 24, osteguna
--17:00etatik 20:00etara, Euskal jantzien erakusketa. Biterin.

Apirilak 25, ostirala
-17:00etatik 20:00etara, Euskal jantzien erakusketa. Biterin.
-20:00etan: Lamien basoa. Gero Axular dantza taldearen eskutik. Biterin.

Apirilak 26, larunbata
-17:00etan, Dantzari txikien irteera eta dantza emanaldia. Gipuzkoatik etorritako dantzariak. Biterin.
-20:00etan, emanaldia: Sokadantza. Kresala dantza taldearen eskutik. Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!