URTEKARIAREN inguruko kontuak argitze aldera, prentsa ohar bat bidali du Udalak hedabideetara. Izan ere, herritar ugarik galdetu dute urtekaria kaleratuko ote den, eta horri erantzunez, hainbat azalpen eman ditu Idurre Lukas, kultura zinegotziak. Adierazi duenez, Gobernu talde berria udaletxera iritsi zenerako lanean ari ziren urteroko alea kaleratzeko asmotan, baina gerora lan hori barne kontuengatik gelditu egin zela azaldu du. Hori izan da urtekaria espero zen garaian ez argitaratzeko arrazoia. Orain 2007 eta 2008 urteetako urtekariak batera argitaratzeko asmoa dute.
Herritarren artean harrera ona
Udalak azaldu du gauza jakina dela herritar askoren artean harrera oso ona izaten duela urtekariak. Hori dela eta, herritarrei eskaintzen jarraitu behar dela uste du, eta lan horrekin jarraitzeko asmoa azaldu du. Hala ere, beste hainbat gauzekin egin duten bezala, 15garren alea kaleratzen doan honetan «egindakoaz hausnartu eta aurrera begirakoak zehaztuko dira, eta ziurrena zerbait aldatu behar den ala ez aztertu beharko dugu; baina gure ustetan behintzat, urtekaria bera zalantzan jarri gabe».