GOBERNU taldeak joan den astean aurkeztu zuen Udal aurrekontu proposamena eta hilaren 23ra arte dago emendakinak aurkezteko epea. EAJ-pNVk osoko emendakina aurkeztu dio Udal aurrekontu proposamenari argudiatuta, diru publikoa ez dela behar bezala kudeatuko. Uste du 1.879.000 euro aurreztu daitezkeela diru hori ondo kudeatuz gero.
Honakoak dira EAJ-PNVk emandako argudioak:
•Diru sarreren atalari buruz dio, aprobetxamenduetatik ateratzea aurreikusten den diruari erreparatuta, garbi ikusten dela Gobernu Taldeak «herrian etxeak eraikitzeko eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko duen interes falta». Horrekin batera dio Hernanik 20.000 biztanle baino gehiago izatea lortuko balitz, Diputazioak biztanle kopuru hori baino gehiago duten herrientzat egiten duen ekarpena jasoko litzatekeela, oraingo ekarpena baino haundiagoa.
• Maileguen atalari buruz, azaldu du, Gobernu Taldeak Pleno ezberdinetan behin baino gehiagotan aipatu duela maileguak eskatzeko Udalak duen ezintasuna, «egoera ekonomiko kaxkarra zela eta». EAJk dio aurrekontu proposamen berrian Hernaniko Udalak sekula izan duen mailegu zor haundiena izango duela (5.000.000 euro).
•Ikerketa eta proiektuentzako diru partidak igotzeari buruz, EAJk uste du, aholkulariek gobernatzen dutela gaur egun udaletxean Alkatearen babesarekin, eta oposizioko kideengana jotzen duela Alkateak «bere egin beharrek horretarako denbora uzten diotenean eta puntualki». Honen inguruan dio, Udaletxe honen paradoja dela «oposizioko taldeetako buruak udaletxean izaten direla egunero, eta Gobernu Taldeko kideak ez».
•Inbertsioen atalari buruz aipatu du, ez duela zentzurik Ave Mariarako planteamendu berri batean dirua gastatzeak, dagoeneko badagoelako bat, «Gobernu Taldeak atzera bota zuena». Gauza bera dio Villa Politena parkeari buruz. Hernani 2020 atalean agertzen den froga pilotu bat egiteko partida atzera botatzea ere eskatu du EAJk, San Markosek finantza dezakeela argudiatuta.
Egin beharreko obrak
EAJren iritzira, 2008an, joan den urteetako aurrekontuetatik datozen zenbait obra burutu beharko lirateke: Karabel auzoa urbanizatzeko 2.fasea, Plaza eta Tilosak urbanizatu eta Etxeberriko etxe berrietako bidea. Proiektuei buruz uste du Sagardo Gunea eta 600 pertsonentzako auditorioa egitea kontuan hartu behar dituela Gobernu Taldeak.