Elkarbizitza ordenantzan zenbait aldaketa egitea onetsi dute Zerbitzu Publikoetako Batzordean

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 16a, 02:00

Turismoa sustatzeko, herrian intereseko gune ezberdinak seinalizatzeko dirulaguntza eskatzea ere aztertu zen.

HERRITARREN elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautzen duen udal ordenantza aztertu eta joan den asteko Zerbitzu Publikoetako Batzordean ordenantza honetan hainbat aldaketa egiteari oniritzia eman zioten. Hala ere, aldaketa proposamen hauek Gobernu Batzarrean onartu behar dira, aldaketak gauzatu ahal izateko.

Isunetan eta ordutegietan aldaketak
Orain artean, elkarbizitza ordenantzak zioen alfonbrak gaueko 21:00etatik goizeko 09:00etara astindu zitezkeela. Ordutegia aldatzea proposatu zuten batzordean eta alfonbrak astintzeko ordutegia goizeko 08:00etatik 11:00etara izatea proposatu zuten. Banku publikoen erabileran, orain arte, debekatua zegoen bankuaren respaldoan eseritzea. Isuna ere jarri zitekeen bankuan behar bezala ez eseritzeagatik. Honen inguruan, proposatu zen isun hori kentzea. Bizikletan, motoan, eta bestelako ibilgailuekin jendea ibiltzen den lekuan ibiltzeagatik ere isuna jarri zitekeen. Proposamen berrian, bizikletak kendu dituzte multzo horretatik, argudiatuta herrian, zati askotan, ez dagoela bide gorririk. Ordenantza honek sortutako isunak ordaintzeko moduan ere aldaketak proposatu dira. 100 eurotik beherako isunak, lehenbailehen ordainduz gero, %50eko deskontua izango da. 100 eurotik gorako isunak, lehenbailehen ordainduz gero, %70eko deskontua izango da.

Turismoa suspertzeko egitasmoa
Bestalde, turismoa suspertzeko egitasmo bati buruz hitz egin zuten. Batzordean aztertu zen dirulaguntza eskatzea Hernanin seinalizazioa jartzeko, interesekoak izan daitezkeen guneak seinalizatzeko: Udala, Chillida Leku, kiroldegia, Nere Borda parkea, Santa Barbarako gotorlekua, Udaltzaingoa eta abar. Herriko hiru puntutan ´ongi etorri` panelak jartzea ere aztertu zen. Proposamen hau Gobernu batzordean onartu behar da, aurrera egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!