Berria egunkariak ekitaldia egingo du gaur Martin Ugalden, sortu zeneko 5garren urteurrenean

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 15a, 02:00

Ekainaren 21ean beteko dira bost urte
Berria egunkaria sortu zenetik, eta ospatzeko jaia egitekoa dute egunean bertan, Donostiako Kursaalean. Ordura arte, hainbat ekitaldi antolatzekoak dituzte eskualdez eskualde, eta gaur izango da lehenengoa, Buruntzaldean, Luzatu bostekoa lelopean. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izango da gaurko ekitaldia, arratsaldeko 20:00etan, eta eskuldeko harpidedunak, akziodunak, gizarte eragileak, kultur ordezkariak, erakundeetako ordezkariak, komunikabideetako ordezkariak... daude gonbidatuta. Berria egunkaria sortzeko, herriz herri egin den lana eskertzeaz gain, aurrera begirako proeiktuak aurkeztuko dituzte.

Sortze prozesua
Berria egunkariko arduradunek gogora ekarri dute orain bost urteko sortze prozesuan «ezinbestekoa» izan zela herriz herri egindako lana. «Herri batzordeak, kultur ekitaldiak, diru bilketak, akzio salmenta, harpidedunak egiteko kanpainak... izan ziren proiektuaren oinarria. Lan horrek bere fruitua eman du eta egun sendotutako proiektua da Berria» nabarmendu dute.

Ekitaldia Gaurko ekitaldia bideo emanaldi batekin hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Martin Ugalde kultur parkean. Ondorenean, Martxelo Otamendik aurrera begirako erronkak azalduko ditu. Bukaeran, mokadu bat egiteko aukera ere izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!