JOAN den asteko Gobernu Batzarrean onartu zen 2008 urterako udaletxe barruko euskara plana, Ongintza eta Kirol patronatuetako planarekin batean. Eli Insausti eta Kristina Korella dira euskara planaren arduradunak eta plan honen nondik norakoen berri eman dute. Azpimarratu dutenez, 2008 urterako euskara plana urteetako lanaren segida da, eta helburu nagusia du, udaletxeko langileen lan hizkuntza euskara izatea.
Pixkanaka aurrera
Udaletxe barruko funtzionamenduan euskara erabiltzera iristeko bidean pixkana-pixkana ari direla, adierazi dute bi arduradunek, aurrerapauso txikiak eginez. Aurten hizkuntza irizpideak landu nahi dituzte Kirol eta Ongintza patronatuetan, hau da, patronatuetako langileek lanerako erabili behar duten euskara zehaztu eta langileei horren berri eman nahi diete. Udaletxean duela urte batzuk onartu eta jarri zituzten martxan hizkuntza irizpideak, eta iaz eguneratu egin zituzten. Kirol eta Ongintza patronatuek kontratatzen dituzten enpresetako langileek beharrezko euskera maila izatea ere bada aurtengo euskera planaren helburua. Udaletxearen kasuan, 2006an onartu zen puntu hau bera. Horrek ekarriko luke, esate baterako, kiroldegiko ikastaroetarako, tabernarako edo Ongintzako zerbitzu ezberdinetarako enpresa bat kontratatzean, eskatzea bere langileek euskeraz jakitea. Ekimen zehatzagoak ere badaude aurten aurreikusita, esate baterako, udaletxean erabiltzen duten programa informatiko bat euskeratzea. Horrekin batera, zenbait idatzi eredu sortu nahi dituzte, esate baterako, aktak egiteko oinarrizko moldeak. Herriko talde ezberdinak ekintza eta jaialdietarako dirulaguntzak eskatzen dituztenean, jaialdi horietarako karteletan eta abarretan euskara erabiltzea ere eskatzen hasi dira. Bukatzeko, aipatu dute, Biteri kultur etxeko ikastaroetako irakasleak elebidunak izatea eskatuko dela, hemendik gutxira egingo baita ikastaroak ematen dituen enpresaren kontratazioa.
Herritarrak euskera erabiltzera animatu
Gaur egun udaletxean herritarrei zerbitzua emateko dauden langile gehienek badakite euskeraz, euskera planaren arduradunek azaldu dutenez. Aipatu dute askotan herritarrak, ohituragatik edo, nahiz eta euskeraz jakin, gazteleaz hitz egiten dietela udal langileei. Hori dela eta, herritarrak animatu dituzte udal langileekin euskeraz aritzera.