Txistu doinuez bete ziren atzo Hernaniko kaleak

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 14a, 02:00

Asteburuan Hernaniko IVgarren Txistulari Jaialdia izan da, Hernani Musika Eskolako Txistulari Taldeak, Hernaniko Udal Txistulari Taldeak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatuta. Atzo ixildu ziren, egun ederra eman ondoren, asteburu osoan entzun diren txistu doinuak.

Diana kaxkoan eta auzoetan
Txistulariak nonahi ageri ziren atzo; herriko plazan, kaxkoan eta baita auzoetan ere. Goiz osoa bueltaka eman ondoren, txistulariak Plaza Berrin elkartu ziren eta dantzaldi ederra egin zuten, eguraldi ona lagun. Ondoren, herri bazkaria izan zen Santa Barbara elkartean, eta bapo bazkaldu eta dantza saioa egin ondoren, kalera atera ziren kalejiran, oraingoan kaxkoan barrena.

Ion Ansorena hirugarren
Larunbatean Txistulari Gazteen Txapelketa egin zen. Guztira 50 bat lagunek hartu zuten parte, eta antolatzaileek lehiakideen maila bikaina azpimarratu zuten txapelketaren ondoren. Parte hartzaileen artean zen Ion Ansorena gazte hernaniarra. Ansorenak hirugarren postua lortu zuen, 13-16 urte bitarteko lehiakideen artean.

Ostiralaz geroztik
Jaialdia ostiralean hasi zen Izeia taldearen kontzertuarekin. Taldeak txistua, dantza eta irudiak uztartzen ditu. Bazter guztietatik etorritako jendeak hartu du parte asteburuan zehar luzatu den jaialdian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!