Txistulariz beteko da gaur Hernani. Txistulari Jaialdia egiten ari dira asteburu honetan herrian eta gaur egun handia dute. Goizean goiz abiatuko dira, eguerdi partean dantzaldia eta bazkaria egingo dituzte, eta arratsaldean kalean barrena ibiliko dira.
Goizetik diana
Goizeko 10:00etan abiatuko dira txistulariak, diana joaz, kaxkoan eta inguruko auzoetan barrena. Ondoren, 12:30ak aldera, Plaza Berrin elkartu eta dantzaldia izango da (euria eginez gero, udaletxeko arkupetan). Eguerdian herri bazkaria egingo dute Santa Barbara elkartean, eta bazkaldu eta gero, herrian barrena ibiliko dira kalejiran, 18:30etatik aurrera.
Maila oso ona
atzoko txapelketan Atzo Hernaniko laugarren Txistulari Gazteen Txapelketa jokatu zen. Hiru kategoriatan aritu ziren txistulariak, eta antolatzaileen esanetan, izugarrizko maila izan zen kategoria guztietan. Irabazleak hauek izan ziren: A kategorian (12 urte arte) Beñat Vicario (Antigua), Alain Sorazu (Azpeitia) eta Iñaki Azpeitia (Azpeitia), hurrenez hurren. B kategorian (13-16 urte bitarte) Iñaki Sagardoy (Iruñea), Diego de Vera (Irun) eta Ion Ansorena (Hernani), hurrenez hurren. D kategorian (taldeka) Txingudi taldea (Irun), Iruñea taldea (Iruñea) eta Donosti taldea (Donostia), hurrenez hurren.