Edurne Andueza errehabilitazio Egoitzetako fisioterapeuta arduraduna da eta berak eman dizkio beren lanaren nondik norakoak Kronikari. Jendea oso lesio desberdinekin azaltzen da Hernaniko egoitzara: zain tiratuak direla, hezur hautsiak, bizkar hezurreko muineko arazoak... Sorbaldakoak izaten dira lesiorik gehienak Anduezaren hitzetan eta berak ere sorbaldako lesioa duen jendea izaten dute gehien. Kirola egiten duten pertsonek, edota lanean gauza bera etengabe egiten dutenek nozitzen dute lesio mota hau normalean. Garai batean, sendagileek nekez bideratzen zuten jendea errehabilitazio zentroetara, baina gaur egun geroz eta jende gehiago etortzen zaie kabezerako medikuak edo espezialistak bidalita: «garai batean ebakuntzaren bat izan zuen jendea etortzen zen gehiena, edo arazo reumatikoak zituena. Orain asko haunditu da jende kopurua, bestelako arazo fisikoak dituen jendea ere etortzen baita» nabarmendu du Anduezak.
Moduak aldatu
Edurne Anduezak 15 urte daramazki Matia Fundazioko errehabilitazio zentroan eta urte guzti hauetan lan egiteko modua aldatzen ari dela azpimarratu du. Batetik, profesional bakoitzak du bere lan egiteko modua, eta elkarrengandik asko ikasi dute. Horrez gain, tendentzia berriak ere badira, propizepzioa adibidez: behin lesioa konpondu bidean denean, patinete, baloi, puzgarri, eskiatzeko bota... eta abar erabiltzen dira jendeak abildadea hartzeko, edo bizitza normaleko trabei bildurra kentzeko. Hernaniko egoitzako lan egiteko modua, indibidualizatua izaten da, alegia, fisioterapeuta edo profesional bakoitzak bezero bat izaten du aldiro. Baina horrez gain, taldeko ariketak egiten ere hasi nahi dute Hernanin, zenbait lesio sendatzeko.