Tranbiaren gaiari tiraka hasi eta jende dezente hasi da garai bateko Hernani nolakoa zen gogoratzen. Plaza Berriko geltokitik gertuan zegoen Ruizen Barberia (Zumitza tabernaren aurrekaldean), 53 urtean ilea eta bizarra moztu zuena. Luis Ruizek ederki gogoratzen ditu barbero garaiak, eta garai hartako bizimodua. Gaur egun 88 urte ditu Luisek. Orain 76 urte hasi zen ofizioa ikasten bere anaia zenarekin, Santi Ruizekin: «orduan ez zen orain bezela. Nik 12 urte nituenean, anaiaren barberian hasi nintzen laguntzen eta ofizioa ikasten eta 14 urte nituenerako ni ere lanean ari nintzen» esan dio Kronikari. Barberia 1932an ireki eta 1985ean itxi zuten, 53 urtean lan egin ondoren. Etenik gabe aritu ziren bi anaiak lanean: gerra garaian, Santi gerrara joan zen eta Luisek egin zuen lan; eta gerra ostean, Luisi egokitu zitzaion soldadutzara joatea eta Santik moztu zien ilea eta bizarra bezeroei.
Igandetan lana
Garai hartan, igande goizetan ere lan egiten zuten, goizeko 06:30etan hasita. Baserritar asko jaisten zen nonbait goizeko 06:00etako mezara eta irteeran ilea eta bizarra mozteko ohitura zuten. Udalak igandetan irekitzeko baimena ematen zien, baina horren ordainetan astehelen arratsaldeetan itxi behar izaten zuten barberia. Luis Mari Ruizek, Luisen semeak, ederki gogoratzen du tranbia hartu eta nola joaten ziren astelehen arratsaldetan paseatzera, Donosti aldera. Eta bueltan-bueltan berriz ere tranbiara iritsi gara, historiaren gurpil borobilean. Igandeaz gain, ostegunean ere jende asko izaten zen barberian, feria ondorenean inguratuta, eta larunbatean ere oso berandu arte egiten omen zuten lan, igande goizean goiz ireki behar bazuten ere.
Txirrita, kabitu ezinda
Hainbeste urtean, jende famatu askori moztu behar izan dio ilea Luis Ruizek, eta anekdota asko ditu. Gogoan du nola joaten zen Joxe Migel Lujanbio Txirrita bertsolaria ilea moztera. Lanak izaten omen zituen silan kabitzeko, justu-justu sartzen baitzen. Horrez gain, Jose Mª Setien gotzain ohiari ere mozten omen zion ilea seminarista zenean, koronila eta guzti. Pasegito futbolariari ere moztu izan dio, eta bere bidez Puchades Valentziako jokalariari ere bai, besteak beste, edo Karmelo Labakari...
Soldadutzan barbero
Luis Ruizi gerra ostean egokitu zitzaion soldadutzara joatea eta han ere barbero lanak egin zituen. Eta baditu bertako anekdotak ere: esaterako, Telmo Zarra Atlhetic-eko futbolari haundiari mozten zion ilea, eta «rape mozten zion», Ruiz bera Errealzalea izaki. Etxera bueltan lanean jarraitu zuen, 1985ean barberia itxi zuten arte, makina bat buru txukundu ondoren.