Xabier Perez Garmendia txapeldun Urretxun, kadete mailako txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 12a, 02:00

Urretxuko helmugan 20 segundu atera zizkion bigarrenari. Xabat Otxotorena Zornotzako Udaberriko Klasikan izango da.

JOAN den asteburuan Urretxun kadete mailako 27garren txirrindulari txapelketa izan zen eta 15 urteko Xabier Perez Garmendia hernaniarra izan zen txapeldun. Xabier Perezek Andoaingo taldearekin hartu zuen parte, beste bi lagunekin batean.

Bost lagun ihesaldian

Lasterketan, Azkoititik bueltan zetozela, bost laguneko talde batek ihes egin zuen, tartean zen Xabier. Pelotoiari minutuko tartea aterata, Ormaiztegitik Urretxurako bueltan, denbora tartea mantendu zuten, Eitza gainaren hasierara arte. Igoera hasiera honetan, Xabierrek erasoa jo eta bakarrik geratu zen. Urretxuko helmugan 20 segunduko tartea atera zion bigarren txirrindulariari.

Denboraldi ona

Denboraldi ona egiten ari da Xabier Perez. Zarautzeko proban 5garren geratu zen, Azpeitian 4garren eta Urretxun txapeldun.

Xabat Otxotorena Zornotzan

Extremadura taldean dabilen Xabat Otxotorena txirrindulari hernaniarra bihar Zornotzako Udaberriko Klasikan ariko da. Otxotorena martxa onean dabil eta ahalik eta posturik txukunena egiten saiatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!