Ion Ansorena: «Txistulari asko ez dago agian, baina urtetik urtera maila hobea nabari da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 12a, 02:00

Lau urte ez dira alferrik pasatzen. Jon Ansorenak badaki hori. Txapelketan parte hartu zuen lehen aldia txapelketa sortu zen urte berean izan zen, eta lehen postua lortu zuen. Emaitza biribila Hernaniko txistulariarentzat. Hala ere, lan handia egin behar dela dio: `Irakaslearekin batera txapelketan joko dudan obra aukeratu eta bien artean muntaia egin dugu. Bi hilabete daramatzagu lanean`. Lan egin behar dela argi dago. Ansorena 8-9 urterekin hasi zen txistua jotzen Hernaniko Musika Eskolan. Baina orain bi urte Donostiako Kontserbatorioan erdi-mailako txistu ikasketak hasi zituen, eta entsegu orduak gero eta luzeagoak dira. `Egunero entseatzen saiatzen naiz. Hala ere, astean 5-6 egunetan lortzen dut denbora, astean bitan arratsalde osoa Kontserbato-rioan pasatzen baitut`. Izan ere, askorentzat musika ikasketak denbora pasa arina besterik ez dira. Baina denbora eta lan handia beharrezkoak dira: `14 urte arte Musika Eskolan ikasten jarraitu dut, eta agian, denbora gehiegi da. Kontserbatoriora joatean lan askoz gehiago egitera ohitu behar izan dut. Ikasgai gehiago ditut, eta instrumentu osagarri bat ere ikasi behar izan dut; pianoa`. Azterketa bat gainditu ondoren, zuzenean erdi-mailan sartu zen Ansorena, baina berandu samar hasi dela iruditzen zaio: `Kontserbatorioan txistulariak ez gara asko. Erdi-mailan beste neska bat dago, ni baino gazteagoa dena, baina aurreratuago dagoena. Dagoen beste ikaslea berriz, gazteagoa da, eta lehen graduko ikasketak egiten ari da. Hala ere, nik baino lehenago ekingo dio erdi-mailari. Ikasketak zuzenean Kontserbatorioan hasiz gero, lehenago sartzen zara erdi-mailara, eta hobe da, lan egiteko prest bazaude behintzat. Nik oraingoz jarraitzeko asmoa eta gogoa dut, baina gero eta zailagoa da. Datorren urtean Batxilergoko ikasketak hasiko ditut, eta ondoren unibertsitatea dator. Karrerako lehen bi mailekin batera egin beharko ditut Kontserbatorioko erdi-mailako 5. eta 6. mailak, azkenak, eta zaila izango da`.

Ansorena; pisu handiko abizena
Abizena, inondik inora ere esanguratsua du Jonek. Ansorenatarrek txistuarekiko duten lotura aski ezaguna da. Isidro Ansorena Jonen birraitona izan zen, eta Jose Iganzio Ansorena berriz, aitaren lehengusu du. Birraitona ezagutu ez bazuen ere, argi dago familiak eragina izan duela Jonengan: `Birraitona ezagutu ez banuen ere, txistuak beti izan du presentzia familian. Txikitatik entzun izan ditut grabazio zaharrak, eta kontzertuetara ere joaten naiz. Horrek guztiak eragina izan zuen zein musika tresna ikasi aukeratzeko orduan`. Etxean gainera, txistulari gazteago bat badute. Idoia Ansorenak 12 urte dauzka, eta anaiaren moduan, berak ere txapelketan parte hartuko du berriz ere. Hala ere, Jonek sekretutxo bat kontatu digu: `Idoiak berez akordeoia ikasi nahi zuen. Arazoa ordea, zera izan zen: izena emateko orduan akordeoia ikasteko tokirik ez zela geratzen. Orduan txistua ikastea erabaki zuen, eta pentsatzen dut horretan eragin pixka bat izan nuela! Azkenean gustatu zitzaiola dirudi, jarraitu egiten baitu behintzat!`.

Txapelketarako prest
Bi hilabete obra prestatzen aritu ondoren, azkenean iritsi da egindako lana epaimahaiaren eta publikoaren aurrean erakusteko eguna. Urduri samar jartzen du horrek Jon: `Kalean jotzera ohituta gaude. Kalejiran edota kontzertu batean, bestela, dantza-talde batekin. Horietarako ere entseguak beharrezkoak badira ere, lasaiago jotzen da. Baina eszenatoki gainera zu bakarrik igo, argi-fokoa zuri begira dagoela nabaritu, eta publikoa eta epaimahaia zure mugimendu guztiak jarraitzeko prest dagoela jakiteak urduritasuna areagotzen du zertxobait!`. Irabazlea hautatzeko epaimahaiak `gauza asko` hartzen dituela kontuan pentsatzen du Ansorenak. `Adierazkortasuna, teknika, hotsaren garbitasuna... gauza asko hartzen dira kontuan. Urte guztian zehar guztia hobetzen saiatzen naiz, baina txapelketa gertu izateak entseatzeko indar handiagoa ematen du`. Gainera, `urtero mailak gora` egin duela nabaritu du, eta epaimahaiaz gain beste beldur batzuk ere baditu Jonek. Bere ustez maila oso ona duten txistulariak zer joko duten, eta batez ere, nola joko duten kezkatzen du. `Lehengo urteko irabazlea, Hasier Ollo lizarratarra berriro aurkeztuko ote den ez dakit. Baina Peio Irigoien eta Diego De Vera irundarrek oso maila ona dute, eta badakit aurtengoan berriro aurkeztuko direla!`. Ansorenak berak ere lan handia egin duela dudarik ez dago ordea, eta zorterik onena opa diogu. Gainera, bere arreba Idoiak, eta honekin batera ikasten duen Aitziber Garin hernaniarrek ere hartuko dute parte txapelketan. Ea ba zorte ona izaten duten!

 

IV. Txistulari Gazteen Txapelketa
Lehengo urteko dinamikari jarraituz, aurten ere txistulari jaialdiak hiru egun hartu ditu. Atzo eman zitzaien hasiera ekitaldiei, Izeia folk taldearen emanaldiarekin. Gaur berriz, txapelketaren eguna da. Goizean bakarlarien txanda izango da. 11:00etan hasiko dira txistulari gazteenak beren obrak jotzen, eta segidan, 12-16 urte bitarteko bakarlarien txanda izango da. Guztia Milagrosan. Parte-hartzaile guztiek Txalaparta elkartean bazkalduko dute, eta ondoren, 17:00etan, taldeen txanda iritsiko da. Hauek amaitzen dutenean banatuko dira diplomak eta sariak. A kategoriako (gazteenak) irabazleak 150 euro, oroigarria eta txapela jasoko ditu; bigarrenak, 100 euro eta oroigarria; hirugarrenak berriz, 50 euro eta oroigarria. B kategoriako irabazleak 200 euro, oroigarria eta txapela eskuratuko ditu; bigarrenak, 150 euro eta oroigarria; eta hirugarrenak, 75 euro eta oroigarria. D kategoriako talde irabazleak berriz, 300 euro, oroigarria eta txapela eramango ditu; bigarrenak 200 euro eta oroigarria; eta hirugarrenak 100 euro eta oroigarria. Lehengo urtean Martin Erro iruindarrak lortu zuen A kategoriako lehen postua. Bigarrena, Alain Sorazu azpeitiarrak lortu zuen, eta hirugarrena, Oier Sarasti oiartzuarrak eraman zuen. B kategorian berriz, Hasier Ollo lizarratarra izan zen garaile, bigarrena, Iñaki Sagardoi iruindarra izan zen, eta hirugarrena, Peio Irigoien irundarra. Taldekako sailean, Bilbotik etorritako Izenbaiku taldeak lortu zuen lehen saria, bigarrena berriz, Tolosako Uzturre taldeak, eta hirugarrena aldiz, Irungo Txingudi taldeak. Epaimahaikideak hauexek izango dira: Amaia Domeño, Amaia Iza, Alex Iribar eta Luis Udakiola. Idazkari nagusia Patxi Apezetxea izango da. Igandean jaiak aurrera egingo du, eta goizean zehar, hainbat herritatik etorritako txistulariek Hernaniko kaleak animatuko dituzte. Elur-Txori elkartean jango duten hamaiketakoarekin indarrak hartuta, eguerdi aldean erromeria bat prestatu dute Plaza Berrin, ea jendea dantzatzera animatzen duten. Azkenik, Santa Barbara elkartean egingo duten bazkariarekin emango diete amaiera aurtengo txistulari topaketari. Ziur egun osoan giro aparta jarriko dutela!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!