Kiroldegiko ateak zabalik izango dira gaur egun osoan, ireki zela 25 urte direla ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 12a, 02:00

PAREZ pare irekita egongo dira gaur egun osoan kiroldegiko ateak, bertara hurbildu nahi duenarentzat. Izan ere, gaur kiroldegiaren 25garren urteurrena ospatuko dute eta horretarako, zerbait berezia egin nahi izan dute, eguneko jarduna eten gabe. Beraz, gaur, ohiko partidu eta ekintzez gain, aparteko ekintzak ere egingo dituzte, besteak beste, herri kirolen emanaldia eta luntxa. Horrez gain, kiroldegiko ateak irekita izango dira egun osoan, bertara joan nahi duenarentzat, bazkide zein bazkide ez dena.

Herri kirolak, luntxa eta ur jaia
Ohiko kirolez gain, herri kirol emanaldia izango da kiroldegiko lehenengo pistan, Xiba taldeak antolatuta, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Gipuzkoako Herri Arteko Jaialdia egingo dute. Hiru herri lehiatuko dira: Idiazabal, Asteasu eta Zizurkil. Xiba taldekoek kiroldegiko jaiarekin bat egin nahi izan dute urtean zehar jaialdi asko egiten baitituzte bertan. Igerilekuan, berriz, ur jaia izango da. Uretako puzgarriak izango dira txikientzat, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Ospakizunak bukatzeko luntxa egingo dute iluntzeko 19:15 aldera.

Ateak irekiak
Kiroldegiko ateak irekita izango dira goiz eta arratsalde, 08:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:30etara, nahi duenak joan eta bertako instalazioetan ibiltzeko. Horretarako, gainera, ez da prezisua bazkide izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!