Matia Fundazioak errehabilitazio egoitza berria irekiko du Hernanin, Oriamendi kalean. Orain arteko errehabilitazio zentroa txiki geratu da, gaur egungo eskaeretarako eskas xamar. Horregatik erabaki du Matia Fundazioak egoitza berria irekitzea, zerbitzu modernoagoa eskainiko duena, leku gehiago eta makina berriak. Hernaniko Kronikak Edurne Andueza fisioterapeuta arduradunarekin hitz egin du eta berak eman du egoitza berriaren berri eta Matiak eskaintzen duen errehabilitazio zerbitzuen berri.
Gehiena Osakidetzatik
Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko enpresa pribatu bat da, adindu eta ezinduei zerbitzu soziosanitarioa eskaintzen diena. Hala ere, errehabilitazio zentroetan adin guztietako jendeari eskaintzen diote zerbitzua, arazo fisikoak dituen jendeari. Anduezak berak azaldu digunez, gazte nahiz zaharrak joan litezke errehabilitazio zentrora, arazo fisikoak dituen edozein. Hiru bide desberdinetatik iristen da jendea Gipuzkoako zazpi errehabilitazio zentroetara: gehiena Osakidetzatik iristen den jendea da, kabezerako medikuak edo espezialistak aginduta. Beste jende talde bat bada mutua bidez iristen dena; eta hirugarren talde bat bada pribatu moduan joaten dena, errehabilitazio egoitzara berak deituta. Bezeroen, %85-90 Osakidetzatik iristen da, geroz eta mediku gehiagok agintzen baitie arazo fisikoren bat duten herritarrei errehabilitazioa egitera joateko. Kabezerako medikuak sorbalda edo bizkarreko arazoak direnean bidali ditzakete bezeroak Matia Fundazioko errehabilitazio egoitzara, eta gainerako arazo fisikoetan espezialista izango da bidaliko dituena.
Arazo fisikorik gehienak
Hernaniko egoitzan, arazo fisikorik gehienak tratatzen dituzte: bihurrituak, zain tiratuak, hezur hautsiak, lesio modularrak, emiplegiak... ia edozein lesio fisiko. Baina adibidez, logopedia eta bizkar hezurreko lesioak Amaran tratatzen dituzte eta hidroterapia Donostiako Bermingham egoitzan dago. Herri bakoitzeko errehabilitazio zentroan inguruko jendea izaten da gehien, baina inolako lehentasunik ez dute bertakoek, eta bezeroak berak eskatu lezake zein egoitzara joan nahi duen. Horrez gain, egoitza batek bezeroari dagokion zerbitzu bereziren bat eskaintzen badu, hara bideratuko dute, herrikoa izan edo ez. Alegia, egoitza guztiak koordinatuak daude.
Hernani ingurukoak
Lehentasunik ez izan arren, normalean herri bakoitzeko eta inguruko jendea hartzen dute errehabilitazio egoitzek. Hernaniko egoitzan, Hernaniko jendea, Goizueta, Astigarraga eta Urnietako jendea biltzen da gehien. Bost lagun ari dira lanean bertan medizina fisikoan espezializatuak: Kini Iraola, Rakel Baz, Eli Carrasco, Maddalen Galparsoro eta Ainhoa Sanchez. Astean bi egunetan Jesus Coello sendagilea joaten da, lehenengo kontsulta pasa eta jarraipena egitera. Gaixotasun erreumatiko, neurologiko eta traumatikoak, zein bihotz-patologiak nahiz arnas patologiak diagnostikatu, jarraipena egin, eta tratatzen dira, eta edukazio edo hezkuntza posturala ere ematen da, jendeak dituen arazoak konpondu ahal izateko.
Egoitza haundiagoa
Oriamendi kaleko egoitza berria aurrekoa baino haundiagoa da, aurrekoa txiki geratu baitzen. Errehabilitazio gelez gain, sendagilearentzako gela haundiagoa du; bezeroentzako bi aldagela, bata emakumezkoentzat eta bestea gizonezkoentzat; langileentzat gela bat du; eta erabilera anitzeko beste gela bat ere bai, bilera, ikastaro eta abarretarako. Makinei dagokienean, egoitza zaharretik ekarritako bat edo beste kenduta, beste guztiak berriak ekarri dituzte: elektroestimulaziorako aparatua, ultrasoinuak, TENS, Roche kaiola (poleekin lan egiteko kaiola bat), bizikletak, espalderak, pisuak, gomak, analgesia, trakzioak, infragorriak, krioterapia, autoprezepzioa... Hernaniko egoitzan 100 lagun inguru pasatzen dira egunean eta urtean 614 laguni ematen zaie zerbitzua. Gipuzkoako 7 errehabilitaziozentroetan berriz, 6.600 lagun hartzen ditu Matia Fundazioak.