Gobernu Taldeak Udal aurrekontu berriak aurkeztu ditu eta hilaren 23ra arte dago epea emendakinak egiteko

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 12a, 02:00

UDAL aurrekontu berrituak aurkeztu zizkien atzo Gobernu Taldeak gainerako udal alderdiei, Ogasun Batzordean. Gobernu Taldeak osatutako aurreneko aurrekontu proiektuari osoko emendakina jarri zieten gainerako alderdiek eta hori dela eta, aurrekontu proiektua erretiratu eta berriro aztertzea erabaki zuen. Gobernu Taldeak adierazi du proposamen berrituak apenas duela aldaketarik, «funtsezko aldaketa bakarra izan da kiroldegiko piszinak haunditzeko egitasmoa bertan behera uztea, azterketa sakonagoa egin bitartean». Azaldu dutenez, egindako gainerako aldaketak, aldaketa txikiak izan dira, «tartean guk geuk emendakin bidez egindako zuzenketak». Aurrekontu berrituak aurkeztuta, hilaren 23ra bitartean izango da emendakinak egiteko aukera.

Auzoak urbanizatzea eta beste hainbat puntu
Udal Gobernu taldeak aurrekontu berriak aurkezteko txostenean bertan, hainbat azalpen eman nahi izan ditu:

  • Batetik, azaldu du, Zikuñaga auzoa urbanizatzeko proiekturako diru partida 2007ko aurrekontuetan jasota dagoela dagoeneko, eta hori dela eta, ez dela 2008ko aurrekontuetan agertzen. Proiektu hori aurten gauzatu nahi luke Gobernu Taldeak, eta obra bera 2009an hasi. Etxeberri auzoaren kasuan ere gauza bera gertatzen dela aipatu du, baita emendakinetan aipatzen diren beste hainbat punturekin ere.
  • Villa Ave Maria parkearen inguruan aipatu du, aurrekontuan jasotzen den partida (1.200.000 euro) parkea egokitzeko aurreikusi dela, «ez dago partida honetan eraikinari lotutako bestelako asmorik».
  • Mugikortasun planaren inguruko proposamen ezberdinei erantzunez, Gobernu Taldeak dio izenburu hori duen partidarik ez bada ere, aurreikusten direla hainbat proiektu mugikortasunarekin zer ikusia dutenak. Hala nola, Zinkoeneako proiektua eta Atzietarako sarbidea kontrolatzeko sistema. Horrekin batera, Bidegorriak edota iaztik datorren igogailu proiektua.
  • Herritarrenganako harrera lehiatila bateratuaren gainean aipatu du, horren inguruko partidarik ez dela aurreikusi, hortan hasi aurretik barne antolaketa egokitzea premiazkoa ikusten baitu. Azpimarratu du horretan ari direla lanean, «Hirigintza departamentuan ari dira lan horretan, eta errenta departamentua izango da hurrengoa. Honela piskanaka lehiatila bakarra izateko oinarriak jartzen ariko gara».
  • Proiektuen inguruan, aurrekontuetan bi proiektu zehaztu direla azaldu du Gobernu taldeak. Batetik, Arriatsu berritzeko lanen inguruko azterketa bat egitea da asmoa. Horretarako diru partida bat aurreikusi da aurrekontuan. Bestetik, Karabelgo zubia txukuntzeko proiektuarentzako ere aurreikusi da diru partida bat.

Patronatuak
Udal aurrekontuekin batera Kirol eta Ongintza patronatuetako aurrekontu proiektuak ere aurrera doaz. Kirol Patronatuko aurrekontu proposamena asteazkenean aurkeztu zen eta hilaren 15a arte izango da emendakinak egiteko aukera. Ongintza patronatuko aurrekontu proposamena datorren astean aurkeztuko da eta hilaren 22ra arte izango da emendakinak egiteko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!