Konpostatzeari buruzko informazioa ematen ariko dira bihar Ongarri taldeko kideak, Txantxangorri elkartea eta Plaza Berri artean, Behemendiko azokarekin batean. Etxeko zabor organikoa konpostatzen duen herritar talde bat biltzen da hamabostean behin, ostegunetan, 19:00etan, Biterin, konpostaren inguruko informazioa trukatzeko, konpost hobea egin eta egitera herritar gehiago animatzeko, besteak beste.
Gehiena, organikoa
Gaur egun, etxean egiten den zaborraren %30-40 organikoa da, eta konpostatuz gero eta papera, ontziak, kristala, pilak eta gainerakoak birziklatu, oso zabor gutxi sortuko luke biztanle bakoitzak. Ongarriko herritarrak etxe ondoan terreno zati bat dute eta bertan egiten dute konposta. Hala ere, terrenorik ez duen jendeak ere egokitu lezake leku bat konposta komunidadean egiteko, adibidez. Ongarriko kideen hitzetan, partikularrek zabor organikoa konpostatu eta botatzen den zaborra gutxituz gero, honen gestioa asko erraztuko litzaieke administrazioei eta inzineradoraren beharrik ez izateko oinarrietako bat sortzen ariko ginateke. Gaur egun, 156 konpostadora daude Hernanin, 122 biztanleko bat. Urnietan esaterako, 67 biztanleko dago konpostadora bat. Ongarriren helburua izango da «gutxienez urnietarrak adina zibilizatuak» izatea hernaniarrak, eta 300 familietan izatea konpostadora Hernanin.
Postua goizean
Herriari begira, zerbait praktikoa egiteko ideiarekin jarriko dute postua bihar, jendeari egiten dutenari buruzko informazioa zabaltzeko. Konpostadorak jarriko dituzte, konpost muestrak, zaborrari buruzko eta konpostari buruzko panel informatiboak, eta horrez gain, eskuorri batzuk ere banatuko dituzte informazio praktikoarekin. Goizeko 10:00etatik 13:00etara egongo dira.