‘Izeia’ folk taldearen kontzertuak emango dio hasiera bihar bosgarren txistulari jaialdiari

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 10a, 02:00

TXISTULARI jaialdia izango da bihartik igandera Hernanin, aurten bosgarrena. Jaialdia Izeia taldearen kontzertuarekin hasiko da , Iruña eta Burlata aldeko kideek osatutako taldea. Besteak beste, Ismael Yague eta Amaia Dometro txistulariak daude tartean. Txistuarekin batean, teklatuak, perkusioa, alboka, biolina eta akordeoiak ere izango dira biharko kontzertuan. Musika estilo aldetik, txistu musika herrikoia izango da entzun ahal izango dena, Iparraldeko dantzak, Bizkaia aldeko fandango eta arin-arinak, eta beraiek egindako doinuak, denak ere moldaketa bereziekin. Azpimarratu beharrekoa da musika emanaldiarekin batera, 3 dantzari izango direla taula gainean. Irudi proiekzio bat ere jarriko dute. Txistulari jaialdia antolatu duen Hernani Musika Eskolak azpimarratu du, kontzertu atsegina izango dela, gustu ezberdinak asetzeko modukoa. Kontzertua arratsaldeko 19:30etan izango da, Sandiusterrin.

Txistulari gazteen txapelketa
Larunbatean, txistulari gazteen txapelketa izango da goiz eta arratsaldean Sandiusterrin. Aurreko urteetan bezala hiru kategoriatan banatu dute txapelketa, 12 urte arteko txistularien kategoria; 13-16 urte artekoa eta taldekakoa. Txapelketan hiru hernaniarrek hartuko dute parte Idoia Ansorenak, Aitziber Garinek eta Jon Ansorenak. Txapelketa honetan Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Burlata, Irun eta Azpeitia aldeko parte hartzaileak izango dira.

Igandean topaketa
Igandean Euskal Herriko bazter ezberdinetako txistulariak bilduko dira Hernanin, eta jai giroan egun pasa egiteko plan polita egin dute. Goizean diana izango da Kaxkoan eta inguruko auzoetan barrena. Eguerdi partean, aldiz, Plaza Berrin dantzaldia izango da. Ondoren bazkari herrikoia izango da Santa Barbara elkartean. Guztira 80 bat lagun bilduko direla aurreikusi dute. Tripa ondo bete ondoren, txistua hartu eta berriro ere kalera irtengo dira jai giroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!