Genero ezberdinetako 10 film labur gaur Biterin, Film Laburren V. Zirkuitoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 10a, 02:00

EUSKARAZKO Film Laburren 5garren edizioa antolatu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, euskeraz egindako ikusentzunezko ekoizleei beren lanak erakusteko plazak izan ditzaten, batetik; eta bestetik, zinezaleek euskeraz egindako kalitatezko lanetaz gozatu ahal izateko, beren herritik mugitu gabe. Guztira 10 film labur ikusi ahal izango dira, genero ezberdinetakoak. Gaur arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean. Hernaniz gain, beste 37 herritan ere emango dituzte film hauek. Hernanin proiekzioa Dobera euskara elkarteak bideratu du.

Aurten film gehiago
Zirkuitoaren bosgarren edizio honetako berrikuntza da aurten film gehiago eta iraupen laburragokoak ikusteko aukera izango dela. Joan den urteetan 5 edo 6 film ikusi ahal izan ziren, aurten berriz 10. Hala ere, emanaldiak aurreko edizioetako iraupena izango du, ordu eta laurden inguru.

Aniztasuna
Azpimarratzekoa da aurtengo edizioan ere ikusi ahal izango diren film laburren aniztasuna. Badaude emozio sakonak ukitzen dituzten filmak, badaude arinagoak diren beste batzuk eta baita esperimentaziotik sortutako filmak ere. Azken horren adibidea da Logela Multimedia proiektuak sortutako Ardauaren negarra. Bestalde, Topaguneak antolatutako Ikusentzunezkoen Rallyan aurkeztutako hiru lan ere ikusi ahal izango dira. Rallyak hiru edizio izan ditu eta edizio bakoitzetik lan bana ikusteko aukera izango da: Anteojonudoak (2005), Zeruari (2006) eta Bestaldean (2007). Zuzendariei erreparatuta ikusentzunezkoen munduan urteak daramazkiten Koldo Almandoz eta Iñigo Kintana bezalako zuzendarien filmak ikusi ahal izango dira, baina baita hasi berriak diren gazteen filmak ere.

Teknologia gero eta eskurago
Zikloaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, gero eta ekoizpen gehiago sortzen ari dira, «asko unibertsitate mundutik datozen gazteak dira» azpimarratu dutenez. Aurrekontu eta baliabide aldetik film xumeak direla ere aipatu dute Topagunetik, baina garbi utzi nahi izan dute kalitatezko ekoizpenak direla.

10 FILM LABUR

  • ‘Unrest’ (Gentzane Agirre) Nire buruaz beste egin nahi dut. Begiak ireki ditut. Lurrean nago. Bizirik? Dena ilun dago, izaraz estalirik. Zer gertatzen ari da? Atsedena baino ez dut nahi.
  • ‘All about eves’ (Gentzane Agirre) Bost emakumeren bidez errepresentatutako zinearen historiako etapa ezberdinak: zine mutua, westerra, klasikoa, tendentzia berriak eta zine garaikidea.
  • ‘Azken trena’ (Mikel Alvarez) Mikel tren geltokian dago bere trenari itxaroten, baina trena iritsi aurretik neska bat gerturatu eta ondoan eseriko zaio. Ez du ezagutzen edo bai?
  • ‘Columba Palombus’ (Koldo Almandoz) Batzuetan bere talde kideak gidatzen dituen uso basatiak, norabidea galdu eta bide okerretik eramaten ditu. Uso talde osoak norabiderik gabe hegan egiten du, nekeak jota hil arte.
  • ‘Momorro’ (Asier Mendoza) Hirian haurrak desagertzen ari dira eta esaten dutenez Momorro da erruduna, bere zaku beltzean eramaten baititu.
  • ‘Itzalak’ (Iñigo Kintana) 1954garren urtea, Euskal Herriko herrixka batean, bikote gazte baten artean amodiozko istorio bat sortzen ari da.
  • ‘Ardauaren negarra’ (Logela multimedia) Zure usaina solik dut, botila batean gordea; ardo botila huts oroitzapenez betea. Argumentutzat ardoa hartuta, sortutako kanta eta irudiak. IKUS-ENTZUNEZKOEN RALLYKO LANAK:
  • ‘Anteojonudoak’ (Kalageli taldea)
  • ‘Zeruari’ (Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñano)
  • ‘Bestaldean’ (Trastaka ekoizleak)
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!