Euskarazko hamar film labur ikusteko aukera bihar

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 9a, 02:00

EUSKARAZ sortutako zinea herrian bertan ikusteko aukera ez da askotan izaten, are gutxiago film laburretaz ari bagara, edo esperimentazioan oinarritutako ekoizpenak badira. Aurten, bosgarren urtez, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak egindako lanari esker izango da aukera lan horiek ikusteko, film laburren zirkuituan. Hitzordua bihar izango da, arratsaldeko 19:30etan, Biterin. Proiekzioa Hernanin egitea posible izan da Dobera elkarteari esker. Hernaniz gain beste 37 herritan ere emango dituzte.

10 film labur bertatik bertara
Aurreko edizioetan 5-6 film izan dira proiekzioan eman dituztenak, aurten laburragoak diren 10 film jarriko dituzte: Gentzane Agirreren Unrest eta All About Eves; Mikel Alvarezen Azken trena; Koldo Almandozen Columba Palombus; Asier Mendozaren Momorro; Iñigo Kintanaren Itzalak; Logela Multimedia taldearen Ardauaren negarra; Kalageli taldearen Anteojonudoak; Gaizka Fanarraga eta Ibon Antuñanoren Zeruari, eta Trastaka Ekoizleak taldearen Bestaldean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!