lASARTE parean N1ek duen Hernani alderako irteera itxi egin zuten bart, gaueko 22:00ak aldera. Donostiako bigarren saihesbideko lanak egiteko itxi behar dute. Hala jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura Sailak komunikabideei bidalitako prentsa ohar baten bidez.
Hernani alderako irteera Andoain aldetik etorriz gero, Lasarte parean seinaleek agintzen dute, Hernani eta Añorgara joateko, ezkerretako bidetik jarraitzeko; bide horrek Errekaldera ematen du zuzenean. Eskubikotik autopista aldera markatzen du. Beraz, Hernanira etortzeko N1a erabiltzen dutenek bide hori jarraituko dute eta mozketak ez die eragingo. Hala ere, eskubiari eutsiz gero, autopista aldera alegia, sartu eta berehala Hernani eta Añorga aldera joateko irteera markatzen du hemen ere, eskubitara. Bide horrek betiko nazionalarekin bat egiten du Errekalde parean. Bide hau da, hain zuzen, itxiko dutena. Beraz, kasu honetan bideari jarraitu behar zaio eta zertxobait aurrerago, bideak aukera ematen du Hernani aldera hartzeko. Irteera honek Urbileko errotondara ematen du.
Lasartetik Hernanira
Lasartetik ateratzen denak autopistako bidea hartzen du derrigorrez eta Urbileko errotondaraino joan gabe, irteera hau hartzeko aukera zuen orain arte. Beraz, bide mozketak bereziki Lasartetik datozenei eragingo die, errotondaraino joan beharko baitute.