«Irakurketa mugatuek ez dute Euskal Herriak bizi duen auzia konponbidean jarriko»

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 8a, 02:00

EAE-ANV-k aurkeztutako mozioak dio ´irakurketa mugatuek ez dutela Euskal Herriak bizi duen auzia konponbidean jarriko` eta indar guztia ´hau gainditzeko lanean jarri behar` dela. Mozioaren arabera, ANVk kritikatzen du ´batzuk ez dutela esfortzua behin-betiko aterabideen aldeko lanean jarri nahi` eta ´30 urtetako errealitateari luzapena eman baino egiten ez dioten jarrera partzialetara mugatu nahi dutela`.

Erantsi du ´ETAk bere azken agirian eta Gobernu Espainiarreko agintariak azkenaldiko adierazpenen bidez, sufrimendu garai beltz baten aurrean gaudela` adierazten dutela. Hitzen balorazioetan ere ez direla hasiko azaldu du, ´ezer gutxi egingo dugulako benetan garrantzitsua den horretan laguntzeko, alegia, hitzez iragartzen zaiguna egi bihurtu ez dadin egin beharreko lanari`. EAE-ANVk dio ez dela ´gaitzespen dinamiketan sartuko` eta ´herri honek bizi dituen indarkeria espresio guztiak gainditzeko ahaleginean dagoela` beren apustua. Horrez gain, eransten du ez dela denbora gehiago galdu behar, ´aldamenekoari aurre baldintzak eta lezioak eman nahian, ez baitute behar dugun norabidean laguntzen`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!