Lainoei buruzko erakusketa izango da Biterin apirilaren 16ra arte

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 8a, 02:00

ATZOTIK apirilaren 16ra bi-tarte lainoei buruzko erakusketa izango da Biteri kultur etxean. Atzo arratsaldean ireki zuten erakusketa antolatzaileek. Erakusketa, berez, duela astebete egitekoa zen, baina hainbat arazo tekniko zirela eta, atzeratu egin behar izan zuten. Orain, ordea, dena pronto dago eta ikusteko moduan. Biteri kultur etxean egongo da ikusgai, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketa ibiltaria
Hernani ez da leku bakarra erakusketa hau jarriko dutena. Aurretik erakusketa Leioako Unibertsitatean egon da eta baita Kantabriako Nautika Eskolan ere. Hemendik aurrera, ordea, herriz herri ibiliko da. Hernani da, hain zuzen ere, erakusketa ikusi daitekeen lehenengo herria. Hilaren 16tik aurrera Azpeitian, Donostian, Zumarragan eta Ordizian izango da. Horregatik, Udalak dei egin die herritarrei, aukera aprobetxatu eta erakusketa ikusteko.

Argazki ederrak
Antolatzaileen esanetan, bertara hurbiltzen denak argazki ederrak ikusteko aukera izango du. Argazkiez gain, azalpenak ere izango dira, alegia, lainoak nola osatzen diren, zergatik, zein motatakoak diren eta abar. Lainoez haratago, euria, ekaitzak eta bestelako fenomenoak zergatik gertatzen diren, ilunabarretan zeruan zer gertatzen den eta abar azalduko dira. Ikastetxeei erakusketa eskaintzeko asmoa ere adierazi dute antolatzaileek.

Argazki irabazleak
Estatuko Meteorologia Elkarteak lehiaketak antolatzen ditu. 2006an argazki lehiaketa antolatu zuen eta, hain zuzen ere, erakusketa hau izan zen orduko irabazlea. Maribi Albisu gaur egun Eusko Jaurlaritzako teknikaria Meteorologian Institutuan lan egindakoa da eta harreman hori medio lortu dute orain erakusketa hona ekartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!