Nola begiratu etorkinei?

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 7a, 02:00

Batez ere, pertsona bezala, baldintza ekonomiko edo bestelako batzuen aurrean beren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz etorkizun ezezagun baterako bidaia zail bat abiatu dutenak. Ondasunen banaketa injustua ere ezin dugu ahaztu migrazio mugimenduen arrazoiak aztertzeko orduan. Fenomeno hauek ez dira berriak eta ez dira zentzu beretsu edo bakarrean ematen (emigrazio-inmigrazioaren inguruko historiaren konplexutasuna ikusi baino ez dago). Eskubide (eta betebehar) berdintasuna, eta baita pobrezia eta bazterketa soziala desagertzea ere, gainditu gabeko bi ikasgai dira benetako integraziorako bidean, desberdintasunetik abiatutako kohesio soziala burutu ahal izateko. Analisi sakonik ez da behar ´gaur eta hemen` gure artean bizi diren milaka etorkinek elkartzen dizkiguten onurak ikusteko (orain hamarka urte estatu espainiarretik zetorren inmigrazioarekin gertatu bezala): enplegua eta aberastasuna, jaio berriak eta gaztetasuna, gizartearen ongizate maila hobetzea, aniztasun desberdintasun handiagoa (hainbat gatazkarekin batera), eta abar. Baina etorkinei begiratzeko modua ez da oinarritu behar interes egoista eta merkantiletan, baizik eta pertsona mailan, berdintasunean, gizarte hobea eraikitzen ari garen aldetik, eta, onartuz, gaur egun eta etorkizunean, mestizaia geldiezineko errealitate bat izango dela. Hauek dira erronketako batzuk, jarrera zaharkitu, inmobilista edo arrazisten aurrean. Badira hainbat ´autoktono` etorkinen aurrean ezinikusia agertzen dutenak, esamesak zabaldu eta gezurretan ari direnak. Horietako gezur bat, nahiko larria, etorkinek bertakoek baino eskubide gehiago dituztela giza prestakizunen aurrean (etxebizitza, Oinarrizko errenta, eta abar). Hau ez da egia eta, gainera, oinarrian aurreiritzi batzuk ezkutatzen ditu: etorkinak izateagatik hainbat eskubideren ukazioa edo murrizketa (batez ere estra komunitarioak badira), desberdintasun sozial zitalen aurrean pasibotasuna, errealitatearen ezagutza eta jarrera baztertzaile eta aurrez pentsatuak... Hauek guztiak, jakinean edo ezjakinean, askatasuna, solidaritatea, justizia edota giza elkarbizitza iluntzera daramate. Joxe

Elizondo ‘Niko’ AMHER-SOS Arrazakeriako kidea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!