Hernaniko gotorleku ezezagunak

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 6a, 02:00

Oriamendi eta Montebideo
Oriamendiko punta Hernaniko mugatik metro gutxi batzuetara dago. Tontorra sasiak erabat harturik dago gaur egun, baina mataza horren azpian gotorleku garrantzitsu baten arrastoak ezkutatzen dira oraindik. Donostiako liberalek ezinbesteko zuten gotorleku hori hiria defendatzeko eta Bigarren Gerra Karlistan inportantzia handia izan zuen. Horregatik, ondo hornituriko parapetoa eraiki zuten 1875ean (bateriak, lubanarroak, koartelak, kainoi zuloak...). Gotorleku hori eraiki bano lehen, Oriamendin borroka ezaguna gertatu zen, 1837an. Liberalei laguntzen ari zitzaizkien ingelesek porrot izugarria jasan zuten bertan eta karlistek himnoa lapurtu zieten. Ordutik, Oriamendi martxa karlisten doinu ezagunena bihurtu zen, eta askoren gorrotagarri. Montebideoko gotorlekua ezezagunagoa da. Arizmendi baserri gaineko tontorrean hexagono harresitu txikia eraiki zuten; lerro bikaina osatzen zuen Oriamendirekin batera, Santiagomendiko karlistei erantzuteko. Baina gaur egun hara hurbiltzen denak apenas nabarituko du ezer egon zenik.

Iartzagainako gotorlekua
Portuko Egaña baserritik gora eginez, Iartzagaina izeneko tontorra dago, gaur egun Ibedrolako estazio elektrikoak okupatua, 76 metroko altueran. Hernani defendatu edo erasotzeko postu aurreratu ezin hobea zen paraje hura, bai liberal eta baita karlistentzat ere. 1838ko dokumentu batean, bertan eraiki zuten gotorlekuaren deskribapen zabala aurki daiteke. 80x40 metroko azalera zuen eta parapeto eta lubanarro batez inguraturik zegoen. Bere hormek sei kanoientzako zuloak zituzten eta barruan muniziorako eta soldaduentzako eraikin pare bat. Fuertea herri kaxkotik erdi ezkutuan zegoen arren, Sagitegi baserri inguruko karlisten kontra egiteko erabili izan zuten liberalek: ...ocupa una posición que avandonada le sería muy faborable al enemigo, dio aipatu dokumentuak. Esan beharrik ez dago estazio elektrikoak guztiz jan zuela gotorleku zaharra eta desagerturik dagoela gaur egun.

Hernaniko kaxkoko babesguneak
Gerra Karlistetan, Donostia inguruko mendi gainetan gotorlekuak egiteaz gain, zenbait herri gerra eta setiorako prestatu zituzten. Horietako bat izan zen Hernani. Herri kaxko guztia elementu arkitektoniko militarrez josi zuten, horma sinpleenetik hasi eta etxe fortifikatuetara (birebendarren etxea, Paissac izeneko fuertea Elizatxon...). Normalean, baratzetako edo eraikinetako paretak aprobetxatzen zituzten defentsak osatzeko eta barrikadak ere jarri izan zituzten kalean. Gainera, zenbait leku ´danborrez` babestu zituzten (estalpe kurbadunak), Udaletxea 1876an bonba batek txikitu zueneko irudi ezagunean, adibidez, eliz atarian itzal bat ageri da, ez da fotografiaren akatsa, eraikina babesteko danborra baizik. Kaxkoko inguru guztia babesgune haien oinordeko diren egituraz beterik dago, ikusi besterik ez dago Tiloseta inguratzen duen horma, Pana eta Goiz Eguzki parkeen formak... Beheko planoan garbi ageri dira Hernanik 1838 inguruan zituen babesguneak.

Egilea: Urko Apaolaza

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!