TALAIA baten funtzioa egiten du Santa Barbarak. Bertatik Hernani salto batean dago (Arrigoiain baserriko seme bat, apustua medio, lau minutu eskasean iritsi zen herrira pertiga bat erabiliz), eta aldi berean inguruko parajeen gain ikuspegi pribilegiatua eduki daiteke. XVIIIgarren mende bukaeratik, artilleriaren garapen ikusgarria zela-eta, kokaleku estrategikoa bihurtu zen gerrarako, 249 metro besterik ez dituen arren. Santa Barbara militarren zaindaria izanik, ez da harritzekoa Euskal Herriko eta mundu osoko gotorleku ugarik izen hori izatea. Alde horretatik, gure mendia ez da batere originala. Baina pedigrí horren jabe izateko eskubidea irabazia du guztiz, bi mende luzez hainbat borrokaren protagonista izan baitzen, azkenekoa 1936ko Gerra Zibilekoa.
Koartelak, lubanarroak eta bateriak
Santa Barbaran gotorlekurik izan zela esaten duen lehenengo berria 1793koa dugu, Konbentzio gerra betekoa. Badirudi mendi gainalde guztia babesteko gomendatu ziola Diputazioak Hernaniko Udalari eta frantsesek goitik behera txikitu zutela lehen babesgune hori. Lehen Gerra Karlistan, 1837an, Donostiatik abiatutako milaka soldadu liberalek karlisten esku zeuden Hernaniko herrigunea eta Santa Barbarako fuertea menperatu zituzten eta horren ondoren gotorleku berri bat eraiki zuten. Hain zuzen ere, gotorleku horren itxurak gaur egun arte iraun du ia eraldatu gabe. Koartelak, bateriak, uraska handi bat eta gezileihodun hormaz babestutako lubanarro edo fosoak zituen eraikuntzak (bistan denez, gaur egun beste erabilera batzuk dituzte). Historia Militarraren Zerbitzuko artxiboetan dokumentu kartografiko adierazgarria kontserbatzen da (beheko irudian) eta bertan ikus daiteke Santa Barbarako gotorlekuak 1838an zuen egitura. Hara zer zioen Rafael de Larak urte horretan: La gran elevación de esta posición... y el no tener en las inmediaciones ninguna obra de su clase que la domine son causas que indudablemente la hacen respetable. Karlista eta liberalen arteko lehenengo gerra odoltsu horren ondoren, gotorlekua ez zen guztiz abandonatu eta mantentze lanak egin ziren bertan. 1874an, Gobernu militarrak Santa Barbara berriz armatzeko agindua eman zuen; Bigarren Gerra Karlista hasia zen ordurako eta liberalek Hernaniko plaza hil hala bizi defendatu zuten. Urte horietan gotorlekuari hainbat aldaketa egin zizkioten, adibidez, bateria kurbadunak jarri, gotorlekuko hiru sarreratako bi itxi eta ´sarjentuaren koartela` deitzen zitzaiona eraiki (gaur egungo ermitaren oinetan dagoen gela txikia, sakristia bezala ere erabilia inoiz). 1891n bertan zegoen soldadu destakamentuak alde egin zuen ´beste gerra zibil baten mehatxua ez dagoen bitartean...` justifikatu zuen komandante ingeniariak. Maizter familia bat jarri zen bizitzen eraikin nagusian, gotorlekua zaintzeko baldintzarekin. 1928an Udalak Santa Barbara doanik ematea eskatu zion Espainiako Gobernuari eta honek hala egin zuen urte batzuk geroago. Baina beste gerra zibil bat gertu zen. 1936an azkenekoz erabili zen Santa Barbara helburu militarrekin. Errepublikarrek gogor eutsi zioten Buruntza eta Monte Torcidotik falangistek egindako erasoei, irailaren 13an betirako erretiratu ziren arte.
Ermita, edo telegrafoaren dorrea?
Jakina den bezala, Santa Barbarako ermita gaur egungo baserriaren ikuiluan zegoen lehen, XVI. mendetik behintzat. Baserriaren atariko arkua eta ikuiluan bertan dagoen horma-hobia dira ermita zaharretik geratzen diren elementu bakarrak, hainbat mendez eraldaketa eta txikizio ugari jasan baitzituen eraikin erlijiosoak. 1955ean Club Deportivo Hernanik eta hainbat herritarrek gaur egungo ermita eraiki zuten tontorreko dorrea aprobetxatuz. Egitan, dorre hori ez zen eraikin militarra, 1846an jasotako telegrafoentzako azpiegitura baizik, Paris-Madril bidea egiten zuen komunikabidearen zatia. Dena den, dorre hori baino lehenago blochaus bat zegoen bertan (gaztelu txiki antzekoa). Orain, horma zahar horiek sugandilen etxe epel besterik ez dira.