Markina eta Galdakaoren arteko lehia estua espero da gaur, Berria Txapelketako finalean

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 5a, 02:00

Berria Txapelketa iritsi da azken partidura, hamaika asteko lehia gogorraren ondoren. Hogeita bi partidu jokatu dituzte denera eta hogeita lau taldek hartu dute parte. Lehenengo aldia da, Berria Txapelketa hasi zenez geroztik, bi talde bizkaitar iritsi direna finalera.

Kadeteak, jubenilak eta afizionatuak
Finalean, beraz, bi talde ariko dira: Markina batetik, eta Galdakaoko Adiskide bestetik. Talde bakoitzeko kadete, jubenil eta afizionatuak ariko dira buruz buru. Kadete mailan, Markinako Arrieta-Aretxabaleta bikotea Galdakaoko Legorburu-Galarzaren kontra ariko da. Biak dira bikote indartsuak eta partidu gogorra espero da. Orain dela gutxi Euskal Herriko txapelketako finalerdia jokatu zuten elkarren kontra eta Markinak irabazi zuen. Jubenil mailan, Markinako Perez-Etxeberria bikotea Galdakaoko Elezkano-Egigurenen kontra ariko da. Aurrelari hauen arteko lehiak biziak eta ikusgarriak izaten dira, antolatzaileen esanetan. Afizionatu mailan, Markinako Urberuaga-Kastillok Galdakaoko Urrutikoetxea-Ajuriaren kontra ariko dira. Antolatzaileen esanetan, Mikel Urrutikoetxea indartsu dabil azkenaldian eta enpresak bere atzetik dabiltza. Beraz, maila oneko partiduak izango dira, eta frontoira hurbilduko diren pelotazaleak ez dira aspertuko, emozio handiko partiduak izango baitira.

Hernaniko pelotariak atzean
Hernaniko pelotariak txapeldun orde izan ziren joan den urteko Berria Txapelketan, horregatik, aurten zuzenean sailkatu ziren txapelketako bigarren faserako. Hala eta guztiz ere, hernaniarrak txapelketatik kanpo geratu ziren jokatutako lehenengo partiduan, otsailaren 9an, Markinaren kontra 52-60 galduta. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!