Dobera Euskara Elkarteko batzarra izan zen atzo, 2007ko balantzea egin eta 2008ko egitasmoak onartzeko. Euskeraren normalizazioan eragiteko egitasmo ugari aurkeztu zituen euskara elkarteak, adin tarte desberdinetako hernaniarrei zuzenduak. Haurrei, gazteei eta helduei zuzendutako 11 egitasmo aurkeztu zituen zuzendaritzak, euskeraren erabilera, motibazioa eta sentsiblizazioa bultzatzeko. Horrez gain, web orriko blogen egitasmoa, eta bazkideen arteko loturak sendotzeko egitasmoak ere azaldu ziren. Kultur eskaintzaren barruan, Dobera Sariaren IVgarren edizioa eta euskal zinemagileen laburmetraia zikloa dira aipagarrienak.
Blogen arrakasta
Dobera Euskara elkarteak, herritarrei eta herriko taldeei beren blogak egiteko aukera eman die www.dobera.com web orrian eta ekimen arrakastatsua izan da. Hogeita bost blog inguru sortu dituzte herritarrek eta hauetariko askok hartu dute parte blogak nola sortu eta nola eguneratu ikasteko Doberak emandako ikastaroetan. Aurten blog gehiago sortu eta daudenak indartzea izango da helburua.
Gure Artean Euskaraz, 40 lagunetik gora
Gure Artean Euskaraz ekimenak, euskeraz dakitenak eta ikasten ari direnak biltzen ditu, edo euskeran sakondu nahi duen jendea eta horretan laguntzeko prest dagoena. Azken ikasturtean susperraldi haundia izan du egitasmoak, euskaldun zahar asko animatu baita ikasi nahi duen jendeari laguntzera. Gaur egun, 40 lagun ari dira Gure Artean Euskaraz egitasmoan.
Ikasleentzat, tailerrak Biterin
Ikasleetan euskeraren aldeko jarrera indartzeko egitasmoa ere badu Dobera euskara elkarteak, baina aurten zenbait aldaketa izan ditu Hamaika Batuaz ekimenak. Ikasleek ondo pasa eta euskeraz egitea da helburua, eta euskerarekin harremanik gutxien duten ikasleei zuzendua da bereziki. Orain artean, Inmaculada ikastetxean tailerrak egin izan dituzte, euskerarekin harremanik gutxiena duten ikasleak euskeraz aritzera animatzeko. Aurtengo ikasturtean, Biterin ari dira tailerrak ematen.
IV. Dobera saria
Dobera euskara elkarteak, Dobera saria antolatzen du bi urtez behin Hernanirekin zerikusia duten lanak indartu eta garatzeko. Aurtengoa Ikus-arteetako artisten lehiaketa izango da, eta aurten antolatu eta 2009an izango du jarraipena. Ikus-arteekin lotutako lanak aurkeztu ahal izango dituzte artistek: argazkigintza, eskultura, pintura... KOMUNIKAZIOA izango da artistek erreferentzia moduan hartu beharko duten gaia eta aurkeztutako lanen arabera bi edo hiru sari izango dira.
Egitasmoak
- Doberako webguneko blogak. 2007an www.dobera.com webgunean sortu zuten beren bloga Hernaniko 20 talde desberdinek. 2008an tresna erabilgarri gehiago jarri ditu Doberak blogean, zerbitzu osoagoa eskaintzeko: bideoak zintzilikatzeko aukera, bloga erabilerrazagoa izateko tresnak. Horrez gain, ikastaroak ere antolatu ditu Doberak.
- Bazkideen arteko komunikazioa. Elkarteko bazkideen arteko komunikazioa sendotzea ere iaz eta aurtengo helburuen artean dago. Datu baseak osatu eta jendearen helbide elektronikoak biltzen ari da Dobera, elkartearen inguruko informazio garrantzitsua bidali, hilean behin ekintza programa bidali, eta parte hartzera animatuko dituzten ekintzak prestatzeko asmoa dago.
- Dobera Saria. Aurten ikus-arteetako artisten lehiaketa izango da. 2008an hasi eta 2009an izango du jarraipena sariak eta bi edo hiru lan sarituko dira, aurkezten diren lanen arabera.
- Laburmetraia zikloa. Euskal zinemagileen laburmetraiak ikusteko aukera izango da aurten ere Biteri kultur etxean, Topaguneak antolatzen duen KIMUAK 2008 emanaldiaren barruan.
- Kultur eskaintza. Kultur eskaintza aztertu eta Hernanirako erakargarriak diren emanaldiak antolatuko ditu.
- Zerbitzuak. Aurreko urteetan bezala, honako zerbitzuak ere eskaintzen ditu Doberak 2008an: itzulpen zerbitzua, ikastaroak, lan-eskaintzen berri ematea, euskeraren inguruko zerbitzu eta eskaintzen informazioa zabaltzea eta euskal produkzioa eta ekoizpena bultzatzea besteak beste.
HAURRAK
- Jolas eta Solas. Hezitzaileek jolas-orduak eta bazkalosteak dinamizatzen dituzte, herriko ikastetxeetan, euskerazko jolasekin. Ikasturte honetan 370 ikasle ari dira parte hartzen eta datorren ikasturtean gehiago izatea aurrikusten dute.
- Hala Bazan. Ikasleek ipuinak idazten dituzte, eta Doberak liburuetako orriak bereizteko kartoitxoetan inprimatzen ditu, ikasleei banatzeko, eta Doberako web orrian ere zintzilikatzen dituzte. Horrez gain, ipuin kontalari baten saioa izaten dute ikasturte hasieran, egitasmoa girotzeko.
- Hamaika batuaz. Euskerarekin harreman gutxien duten ikasleei zuzendutako egitasmoa da Hamaika Batuaz, ikasleek ondo pasatuaz, euskeraz trebatzeko helburua duena. Orain artean, Inmaculadan eman izan dituzte tailerrak, baina aurten Biterin egiten hasi dira astean behin eta irekiak dira. Etorkinen seme-alabei zuzendutako egitasmoa zen hasieran, baina egitasmoa zabaldu egin da.
- Ikastetxeetako erabilera neurketa. Ikastetxeei klasetik kanpoko euskeraren erabilera neurtzeko zerbitzua eskaintzen die Doberak, eta ikastetxeek berek eskatuz gero egiten ditu. Ikastetxeetan euskeraren egoera ikusi eta bilakaera jakiteko balio du egitasmo honek.
GAZTEAK
- Ikastetxeetan motibazioa bultzatzeko saioak. 14-16 urte arteko gazteentzako dira eta ikastetxeek eskatzen duten kasuan egiten ditu Doberak. Modu didaktiko batean, hizkuntza gutxituen eta euskeraren egoeraren inguruko hausnarketa egiten da. Ez dira saio teorikoak, ikasleen iritzia jaso eta hizkuntza normalizazioaz era praktiko eta naturalean aritzea dira helburuak. l Egitasmo erakargarriak antolatzea. Gazteentzako euskerazko egitasmo erakargarriak antolatzen saiatzen da dobera. Apirilean esaterako, institutuan, euskera eta teknologia berriak uztartzen dituen ikastaroa jasoko dute, modu erakargarrian. Ikastaro gehiago aztertu eta interesgarriak diren neurrian ematea da asmoa.
- Gazte kultur zirkuituak. Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioa) sortutako programak zabaltzen ditu Doberak. Topaguneak antolatzen dituen ekintzak herrian zabaldu eta parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.
HELDUAK
- Gure Artean Euskaraz. Euskeraz dakienak ez dakienari erakustea, gehiago sakondu nahi duenak lagunduko dion bat izatea, ikasten ari dena motibatzea edo elkarri laguntzea dira Gure Artean Euskaraz ekimenaren helburuak. Jendea elkartu eta euskaraz hitz egiten dute. Gaur egun 40 lagunek hartzen dute parte egitasmo honetan. Badira euskaldun berri eta euskaldun zaharrez osatutako taldeak, edo euskaldun zaharrez osatuak... Bultzada haundia izan du azken ikasturtean eta bide beretik jarraitzea da helburua.
- Motibazioa eta sentsibilizazioa. Herritarren motibazio eta sentsibilizazioan eragiteko hitzaldi eta jardunaldiak antolatzen ditu Doberak, eta herritarrei zuzentzen die orokorrean. Hala ere, bereziki gurasoei garrantzia eman nahi die aurten, euskeraren transmisioan oinarrizko zutabe diren aldetik.
- Kexen Kaxa. Iaz sortu zuen Doberak euskeraren inguruan, kexak nahiz eskertzak bideratzeko gunea. Jendeak bere kexa edo eskertzak emateko aukera du eta Doberak dagokion lekura bideratuko ditu, aztertu ondoren.