KRONIKA: Ez zaitugu hernaniarra. Zeure burua aurkeztuko diguzu?
Asier Alkalde dut izena, Irungoa naiz eta 24 urte ditut.
Zein ikasketa egin dituzu?
Donostiako Ostalaritza Eskolan egin nituen ikasketak. Lehenengo, sukaldari ikasketak egin nituen, ondoren pare bat urte eman nituen lanean han eta hemen, Hondarribian, Errenteriako Mugaritzen... Ondoren Errestaurazioko Goi Mailako Ikasketak egin ditut, azkeneko bi urteetan, irakasle izateko, eta otsailean bukatu ditut. Goi mailako ikasketak egiten ari nintzela, irakasleek esaten zidaten oraingoz sukaldean jarraitzeko, gero izango dudala denbora irakasle izateko, eta hementxe nago!
Estatuan 300 sukaldaritza eskola daude eta denera 17 lagun besterik ez zarete joan Bartzelonara. Aurretik froga gehiago pasa behar izan dituzu, ezta?
Lehenengo, nire errezeta, gure eskolako onena izan zen. Ondoren, Gipuzkoako eskola bakoitzeko irabazleak leihatu ginen eta berriz irabazi nuen. Azkenean, Euskadiko platerik onena aukeratu zuten. Orduan joan nintzen Bartzelonara.
Zein errezeta egin zenuen?
Bakailao-arroza txirla saldarekin.
Zaila da egiteko?
Ez. Lehiaketa tradizionala baitzen. Arroza jarri behar genuen eta gainera era tra-dizionalean.
Alegia?
Oraingo espumak, nahasketak eta gauza modernoak ez ziren ametitzen. Garai batean bezala egin behar zen, garai bateko osagaiekin-eta.
Pozik egongo zara, noski? Irabazi al duzu orain arte beste saririk?
Oso pozik nago. Duela hiruzpalau urte Segovian egindako lehiaketa batean 4garren egin nuen.
Espero al zenuen irabaztea?
Nik, egia esan, ez, baina nire irakaslea seguru zegoen irabaziko nuela. Hiru hilabete lehenago esan zidan irabaziko nuela eta halaxe izan zen. Ixaakek ere probatu zuen platera, joan aurretik, eta oso ona zela esan zidan.
Denbora asko eman zenuen plater irabazlea asmatzen?
Bai, lanetik atera eta gauero arroza egiten ariten nintzen etxean, gauero-gauero. Zein da saria? Hamar egun emango ditut Alemanian, Centro Unilever-Food Solutions izeneko leku batean. Ez da sukaldaritza eskola, zaporeen inguruko ikerketak egiten dituen zentro bat da, kimikoak eta sukaldariak joaten dira hara.
Noiz hasi zinen Fagollagan?
Irailean hasi nintzen.
Aurretik ezagutzen zenuen?
Jatetxea ezagutzen nuen, egonda ez, baina entzutez bai, asko.
Nolatan etorri zinen Fagollagara? Eskolak bidalita, beraiek deituta?
Nik eskaini nuen neure burua. Etorri nahi nuen, Ixaakekin hitz egin nuen eta hementxe nago. Asko interesatzen zitzaidan, betiko jate-txea delako, hemengoa...
Zer gertatuko da plater horrekin? Zurea da patentea?
Ez, platerak ezin dira patentatu. Bestela ezingo genuke ezer jan.
Zuk asmatu duzu plater hori edo aurretik asmatuta zegoen?
Bai, nik asmatu dut. Bi plate-ren fusioa da: bakailaoa pil-pilean eta almejak saltsa berdean. Hori dena arrozarekin.
Zergatik zara sukaldaria? Bokazioz, akaso?
Ez. Nik hasiera batean informatikaria izan nahi nuen. Aurretik zazpi urte eman nituen margotzen... Sukaldea gustokoa nuen baina ez hainbeste. Amarekin aritzen nintzen sukaldean eta berak, egunkarian iragarkia ikusi zuela eta, animatu ninduen izena ematera. Eta gustatu.
Zein da sukaldaritzaren xarma?
Ez dakit, baina sukaldean sartu eta berehala konturatu nintzen... hura zela nahi nuena.
Nolakoa da sukaldariaren bizitza?
Gustatuz gero, ederra. Beti esaten da ordutegi aldetik eta gogorra dela, baina gustuko lana baldin baduzu...
Bazter asko ezagutu dituzu?
Eta gehiago ezagutu nahi ditut. Aurrerago lasaituko naiz...
Zein da sukaldari on baten sekretua?
Jakingo banu!!!
Eta osagaiak?
Gustua izatea, jatea gustatzea. Eta sukaldea gustatzea.
Zer jaten duzu etxean?
Nik behintzat gaizki! Orduz kanpo... ogitartekoak, pintxo asko... gaizki.
Plater landuak egiten dituzu jatetxetik kanpo?
Bai, tarteka bai, lagunentzako eta... soziedadean. Hamar plater desberdin jarri izan dizkiet probatzeko, eta lagunak txoratzen...