«Jendeak geroz eta gehiago eskatzen dio bere gorputzari»

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 4a, 02:00

Manu Zubillaga mediku hernaniarrak Medikuntza txirrindularitzan hitzaldia eman zuen asteazkenean Biterin, JOCC-Zikuñako Ama zikloturista taldeak antolatuta. Zubillagak bizikletako lesio nagusiak azaldu zituen, nola prebenitu, elikadura egokia, probetarako prestakuntza, bizikletarako posizio egokiak eta abar. Bizikletan ibili nahi duen, nahiz edozein kirol egin nahi duen jendeari egiten zaizkion azterketak ere azaldu zituen eta bukaeran jendearen galderei erantzun zien. Kirola eta osasuna uztartu nahi izaten ditu Zubillagak, Biterin azpimarratu zuenez, nahiz zenbait kirolarik errendimendua ere bilatu; mediku hernaniarraren hitzetan, geroz eta gehiago dira errendimendua bilatu nahi dutenak, afizioz kirola egiten dutenen artean ere.

Kontraindikazioak
Kirol bat egin nahi duen jendeari egiten zaizkion azterketen lehen helburua kontraindikaziorik baduen aurkitzea izaten da, alegia, kirol hori egitea pertsona horren osasunerako arriskutsua izan litekeen ikustea. Behin hori neurtuta, pertsona fisikoki nola dagoen neurtzen dute. Horretarako, erabiltzen diren teknikak azaldu zituen, eta kontsultan bertan nahiz kaminoan saiatzen dira kirolarien erantzuna aztertzen, leku aislatuan eta errealitatean, nolabait esateko.

Unbrala lortzea
Pertsona bakoitzaren neke unbrala edo fatiga unbrala non dagoen neurtzen saiatzen dira medikuak azterketetan. Pultsazio batzuetatik gora, pertsona indarrak ahitzen ari da nolabait, eta pultsazio horien muga bilatzen dute. Unbral hori eta kirolari bakoitzak dituen helburuak izango dira entrenamenduak planifikatzeko bi zutabe nagusienetakoak, Zubillagak azaldu zuenez, entrenamendu aerobioak eta anaerobioak planifikatzeko.

Lesio nagusiak
Txirrindularien kasuan bi motatako lesioak dira nagusienak: istripu batek eragindakoak eta sobrekargak, esfortzu bat denbora luzean eta desegoki eginda sortzen direnak. Bigarren lesio mota da Zubillagak tratatzen duena eta nabarmendu zuen beharrezkoa izaten dela lesio hori nondik datorren jakitea, eta zuzentzea, gainontzean sendatu arren berriz etorriko baita. Askotan pedalak gaizki edo silina bajuegi jarrita izateak eragin ditzakete lesioak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!