Urtez urte, heldutuz eta sendotuz joan den ekimena dugu HEEkoa, aurten bosgarren edizioa ospatuko duguna. Egun hori, Euskal Herriak eta euskarak bizi duten egoeraren isla izatea nahi dugu; jakina da egun indarrean diren hizkuntza politikak ez direla euskararen normalkuntza bilatzera bideratuak. Eta hain zuzen, euskarak behar duen aldaketa da azpimarratu nahi duguna egun horretan: Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartuko duen marko berri bat behar dugu, euskarari estatus berria esleituko diona, ofizialtasuna. Aurtengo lelo nagusia ´Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki!` izango da; urratsez urrats, pausoz pauso egingo baitugu Euskal Herri euskaldunerako bidea. Urrats horiek herrietan gauzatzen dira, eraikuntzaren perspektiban, euskara egunerokoan borrokatuz. Eta hor, euskara eta herritarrak dira protagonista nagusi. Horregatik, igande honetan, apirilaren 6an, Atarrabian ospatuko den Hizkuntza Eskubideen Egunean parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu euskaltzale guztiei, urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki behar dugulako.
Larraitz Rodrigez Zaldua
Hernaniko Euskal Herrian Euskarazeko kidea