JOAN den urtean Atsegindegira hurbildutako jendea gustura eta jakinminez ageri zen. Batzuk, Extremadurako jardunaldien zain zeuden eta pozik zebiltzan beren saltsan. Beste batzuk, ezustean harrapatu zituen jaiak eta harrituta eta gustora zebiltzan, izan ere, ezusteko ederra hartu zuten Extremadurako ohiturak, eta batez ere, jakiak ikusi zituenean. Batek baino gehiagok eraman zuen espero ez zuen txorizo mutur bat edo beste kutixiren bat etxera, bertan ederki probatu eta gero. Urteak dira jardunaldi hauek Hernanin egiten hasiz geroztik. Aurtengoa XVIgarrena dute eta pozik daude antolatzaileak, urtetik urtera jende gehiago hurbiltzen delako.
Monumentuak eta gastronomia
Jardunaldiak larunbateko bideo emanaldiarekin hasiko da. Arratsaldeko 19:30etan izango da Biteri kultur etxean. Bertan Extremadurari buruzko informazio kultural eta turistikoa emango dute. Bideo hauen bitartez, bertako edertasuna, ondare historiko eta arkitektonikoa, eta jakina, gastromia goraipatu nahi dituzte.
Jakinmina asetzeko
Gastronomiari buruz gehiago jakin nahi duenak aukera izango du igandean bertako kutixiak probatzeko. Goizeko 10:00etatik aurrera Extremadurako produktuak izango dira Atsegindegin jarriko duten postuan, salgai eta probatzeko moduan. Produktuen artean, urdaiazpiko famatua, txorizoa, pintxo beroak eta postre gozoak besteak beste. Eta laguntzeko, ardo bikaina, Extremadurakoa hau ere.
Koroak eta dantzak
Eguerdiko 13:00etan Donostiako Extremadura Zentroko Virgen de Guadalupe koro eta dantza taldea ariko da. Eguerdiko atsedenaldiaren ondoren, 17:30etan bigarren saioa egingo dute.
Extremaduratik etorritako hernaniarrak
16 urte dira jardunaldi hauek egiten hasi zirenez geroztik. Hernanin egoitzarik ez izan arren, asko dira Extremaduratik etorritako lagunak. Horregatik, duela urte mordoska orduan Donostian bakarrik zegoen Etxremadurako elkartera jo eta elkarren arrimuan festa hau antolatzeari ekin zioten. Oraindik ere, Donostiako Extremadurako Kultur Etxea da jardunaldi hauek antolatzeaz arduratzen dena. Hernaniko Udalak ere laguntzen du jardunaldi hauek antolatzen.
Egitaraua
- Apirilak 5, larunbata
- 19:30etan Biteri kultur etxean: Extremadurari buruzko bideoak. - Apirilak 6, igandea
10:00etan, Atsegindegin:
-Extremadurako produktuak salgai eta dastatzeko.
-La Hurdeseko eta Guadalupeko eskulangintza erakusketa.
-Liburu eta turismo propaganda postua.
13:00etan:
-Donostiako Extremadura Zentroko Virgen de Guadalupe dantza eta koro taldearen emanaldia.
17:30etan:
-Virgen de Guadaluperen bigarren emanaldia.