Alejandra Torrado eta Marta Ayalak lortu dute Chillida Fundazioaren Beka

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 2a, 02:00

Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak beka bat eskaini du aurten lehenengo aldiz hezkuntza proiektu bat sortzeko, Eduardo Chillidaren lana ezagutarazteko. Beka horrek dagoeneko badu irabazlerik: Alejandra Torrado eta Marta Ayala donostiarrak, hain zuzen ere. Bi egileen lanak Chillidarekin hilabete du izena.

Chillidaren lana ezagutzeko
Bekaren helburua da Eduardo Chillidaren lanaren edozein alderdi ezagutzera ematea. Horretarako hezkuntza proiektu bat sortu behar da, 8-12 urte bitarteko adin-tarteko gaztetxoei bideratua, eta tailer moduan landu behar da. Tailerrak, gainera, praktikoa izan behar du. Aurtengo proiektu irabazleak papera du langai. Beraz, gaztetxoek paperari buruzko tailerrean birziklatzen, ekoizten, eta Chillidak berak egin zuen bezala, paperarekin lan egiten ikasiko dute, eta ahal bada, artelanak egiten.

Hamaika proiektu on
Aurten lehenengo aldia da beka hau luzatu dena. Deialdia unibertsitatean eta beste esparruetan zabaldu dute eta erantzun ona jaso du. Hamaika proiektu aurkeztu dira deialdira, antolatzaileen esanetan proiektu nahiko onak gainera. Pozik azaldu dira antolatzaileak. Gainera, paperaren inguruan egiten den lehenengo tailerra da hau, orain arte eskulturaren inguruko tailerrak egin baitira gehien bat. Orain egileek aurreproiektua findu behar dute, hilabeteko epean gutxi gora behera. Ondoren tailerra jarriko dute martxan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!