KRONIKA: Profesionaletan falta zenuen txapela bakarra da bi bitakoa. Zer sentsazio?
OLAIZOLA: Sentsazio ona. Pilotari batentzat txapelak irabaztea da gauzarik inportanteena eta pozik egotekoa da. Hau falta zitzaidan eta irabaztea zerbait berezia izan da.
Txapelketa dotorea egin duzu. Gustora egindako lanarekin?
Ni nerearekin oso gustora nago. Txapelketa hasi genuen bezala hasi eta txapelarekin bukatzea oso inportantea izan da. Biek lana ongi egin izan ez bagenu ez genukeen txapelik irabaziko eta biek jokatu dugu ongi. Mendizabalek ere izugarrizko lana egin du, partidu pare batean edo ez dugu gure maila eman, baina bestela ongi egin dugu gure lana eta hala lortu dugu txapela. Jende askok ez zuen gure alde egingo hasieran, baina irabaztea lortu dugu.
Orain burua buruz burukoan izango duzu?
Hilabete barru edo izango da eta txapel honetaz disfrutatu eta prestatzen hasi beharko dugu berehala. Binaka finalera iritsiz gero, ez da denbora gehiegi geratzen buruz burukoa prestatzeko.