KRONIKA: Ospakizunen biharamunean zer zapore du txapelak?
Mendizabal: Oso ona, oraindik flipatzen ari naiz. Jendeak ere ilusioarekin hartu du eta hori ere pozgarria da.
Aimarrekin jokatuko zenuela esan zizuten lehen egunean, horrelakorik amestu ere egin al zenuen?
Zearra izan da titularra eta nire helburua partiduz partidu joatea izan da. Finalaurrekoetara pasa eta nik jarraituko nuela esan zidatenean, beste ikusmolde bat hartu nuen, baina pentsatu ere ez nuen egiten hau.
Zuk eta Laskurainek presiopean nola erantzungo zenuen ahoz aho ibili den galdera da final atarian. Gustora egindako lanarekin?
Ostegunean prentsaurrekoa eman eta mobila itzali nuen. Atzo kontzentratuta atera ginen Aimar eta ni, lanerako motibatuta. Robertok oso ondo gidatu gintuen eta elkar asko animatu genuen; hori izan zen 15-7koari buelta emateko klabeetariko bat. Ni pelotaro saiatu nintzen dena ematen eta gustora nago egindako partiduarekin. Partiduko zati batean Titini ezin nion pelotarik kendu eta dominatuak egon ginen, baina gainontzean uste dut partidu polita egin genuela.
Horrelako final batean 15-7 markagailuarekin zer pasatzen da pelotariaren burutik?
Gauza asko, baina tanto asko jokatu behar dira eta momenturo tantoz tanto joan behar genuela pentsatzen nuen. Aimarrek ikaragarri jokatu zuen, txapelketa guztian bezala, eta askotan berak markatu zuen aldea.
Guk partiduetan ikusi dugu zure maila. Horren atzean lan haundia egongo da, esfortzu haundia eskatzen du maila honetan jokatzeak?
Esfortzua akumulatzen joaten da. Urte asko daramazkigu lanean, ditugun akatsak zuzentzen. Bai Tximistek, bai Unanuek edo bai Jonek lan haundia egin dute eta neurri batean beraiei esker iritsi naiz hona.
Txapelketa honek maila bat gora egiteko balioko dizula uste duzu?
Txapelketa hau sari bat da, egi bihurtu den amets bat eta motibazioa, aurrera egiteko. Hemendik aurrera taila hori eman egin beharko da eta ikusiko da ea prest gauden.
Atzo Hernani eta Goizuetako jendeak ospatu duzue txapela.
Hernani, Goizueta, Añorga eta Iturriagako jendeak ospatu genuen. Afizioak 10 bat merezi izan zuen atzo eta momentu txar horietan beraiei esker ere altxa genuen burua.
Bukaeran eskaintza berezia egin zenuen.
Frontoiean ez zeuden lagun guzti horiei eskaini nahi izan diet txapela, espetxean daudenei. Niretzako oso hunkigarria izan zen.
Hurrengo helburuak zehaztuak? Edo oraindik ez duzu horretan pentsatu?
Bi egun hauetan txapela ospatuko dut, baina gero hankak lurrean jarri eta lanean jarraitu behar da. Ez daukat inongo helburu garbirik. Orain lagun eta ingurukoen artean ospatu nahi dut txapel hau. Momentuz, behintzat, behin da eta gozatu egin behar da.