PAKITO lujanbiori Parot izenez ezaguna den doktrina aplikatu diote, duela gutxi, eta hori dela eta espetxe zigorra luzatu eta 2014ko uztailaren 8rako jarri diote espetxetik ateratzeko data berria. Hernaniko presoaren abokatuak Kronikari azaldu dioenez, presoak 2007ko azaroan zuen espetxetik ateratzeko data, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak kondena 2014ra arte luzatu dio. Pakito Lujanbio 1984garren urtean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian. Extraditatu eta orduko Kode Penalak ezartzen zuen kondena maximoa jarri zioten, 30 urte. Zenbait erredentzio aplikatuta, 2007ko azaroan jarri zioten espetxetik ateratzeko data. Orain doktrina aplikatuta 30 urte osorik bete beharko ditu.
Kode Penalean aldaketak
Pakito Lujanbioren abokatuak azken urteetan Kode Penalak izan dituen aldaketak azalduko dizkio Kronikari. Kode Penal zaharrean, 1973koan, nahiz eta kondena urte gehiagokoa izan, espetxealdi luzeena 30 urtekoa zen. Presoak egindako lan, ikasketa eta bestelakoak kontuan hartzen ziren eta erredentzioak aplikatzen ziren, hau da kondena murrizketak, 30 urte horiek oinarri hartuta. 2006 urtera arte izan da horrela. Urte horretan Unai Parot presoari erredentzioak kondena urte guztiak kontuan hartuta aplikatu zizkioten, ez 30 urteetatik. «Kontuan hartuta gehienez ere, 15 urte erredimitu daitezkeela, 45 urte baino gehiagoko kondenetan presoek egindako esfortzuek ez dute ezertarako balio» azaldu du abokatuak. 1995ean Kode Penala aldatu egin zen. Besteak beste, erredentzioak desagertu egin ziren preso guztientzat, eta terrorismo delituengatik ezarritako espetxe zigorrak luzatu egin ziren. 2003 urtetik aurrera, espetxean egoteko muga 30 urte izatetik 40 urte izatera pasa zen.