Oier Mendizabalek eta Aimar Olaizolak irabazi egin zuten atzo 22 eta 17, Titin III eta Laskurainen kontra, eskuz binakako txapelketako finalean. Mendizabal eta Olaizola partidua irabazten hasi ziren. Lan dotorea egin zuten biek ere hasiera honetan eta beren materialarekin dominatu egin zuten (7-3). Titin III eta Laskurainek tantoa egin eta beren materiala ateratzeko aukera izan zutenean, markagailuari buelta eman zioten eta 7-15 jarri ziren aurretik. Berriro ere pelota aldaketak markatu zuen partidua, eta oraingo honetan Olaizolak eta Mendizabalek partidua berdintzea lortu zuten beren pelotarekin (15-15). Hortik aurrera gorriak izan ziren nagusi eta bien jokoarekin Laskuraini lan haundia eginarazita, 22garren tantoraino iritsi ziren.
Partidu gogorra
Atzoko finala gogorra izan zen eta alde batera eta bestera joan zen partidua. Bi aurrelariek ere partidu bikaina egin zuten, bai erasoan eta bai defentsan. Bi atzelariek, ondo egin zuten lana beren lehenengo finalean.
Oier Mendizabalek partidu dotorea
Oier Mendizabalek partidu dotorea jokatu zuen, pelota oso gutxi galdu zituen eta partiduko zati askotan Laskurain dominatu zuen. Titini pelota kentzen ere ondo asmatu zuen Hernanin bizi den añorgarrak. Azpimarratzekoa da, baita ere, Oierrek txapelketa honetan eman duen ustekabea, Oier Zearra ordezkatzeko sartu zen txapelketan eta azkenean txapela eskuratu du. Mendizabal oso pozik agertu zen egindako lanarekin partidu amaieran. Txapela preso dauden bere lagunei eskaini zien.
Aimarrek falta zuen txapela jantzi zuen
Aimar Olaizola ere bikain aritu zen, tanto ikusgarriak egin zituen eta defentsan ere ondo aritu zen. Momentu batean jokuan ez zen erabat sartu eta urdinek orduan hartu zuten aurrea. Hala ere, berriro ere nagusitasuna berreskuratu zuen goizuetarrak eta falta zuen txapel bakarra jantzi zuen.
Harrera gaur udaletxean
Herrian ikusmin haundia sortu zuen atzo partiduak. Partidu amaieran etxaferoak ere bota zituzten kalean. Bestalde gaur, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizolari harrera egingo diete Hernaniko Udaletxean. Hernaniko alkatez gain, Goizuetako alkatea ere izango da eta pelozale, lagun eta komunikabideak ere espero dira. Ekitaldia eguerdiko 13:00etan izango da, Udaletxeko areto nagusian. Ekitaldi honekin bi pelotariei egindako lana errekonozitu nahi zaie.