Gronhölm jarri diozue disko berriari. El metodo Gronhölm pelikularengatik izan da ala Marcus Grönholm rally pilotuarengatik?
Berez izena entzun genuenean grazia egin zigun. Estudioan geundela pelikula ikusi genuen eta ordutik aurrera hitz-joko asko ateratzen ziren Gronhölm horrekin. Edozer gauzarekin: grabatzen ari ginela, janaria prestatzen... beti ateratzen zen zer edo zer. Bazile gisa jarri diogu eta belarrira nola ematen duen gustatzen zaigulako, ez zehazki pelikularengatik edo rally pilotuarengatik.
Dena dela zinema gustatzen zaizue:
Tarantella kantako sarreran El Padrino-ko sanpler bat sartu duzue. Anaia [Mikel Abrego, bateria jolea] da zinezalea gehienbat. Besteok bagara, gustatzen zaigu, baina Mikelen kolekzioa haundia da eta gainera leku askotan ibili da hemen ez dauden edizioak ekartzen, bitxikeriak eta abar... Tarantella kantaren kasuan, sanplerrekin beti gauza bera gertatzen zaigu: hasieran ez genuen oso argi ikusten baina egin ahala kantari oso ondo egokitu zaio.
Disko osoa hartuta beste kolore bat du kanta horrek.
Abestia oso xuabea da eta horren barruan ahotsak egiten duen efektua gustatu zitzaigun. Konposizioan ahotsa musikaren ondoren sartzen dugu eta garbi ikusi genuen bukaeran, dosi txiki batean, eztanda bat behar zuela, doinu xuabe horiek lehertzea. Gero, egia esanda, letrarekin oso ondo geratzen zaio, momentu bakoitzean kantak duen intentsitatea ondo lotzen da letrarekin. Intentsitate joko horiek konstanteak dira diskoan. Berezko ezaugarria dugu, beti saiatzen gara horrelako gauzak bilatzen. Abestiak egiterakoan inprobisaziotik abiatzen gara. Askotan minutuak eta minutuak aritzen gara eta abesti ugari pasatzen dira, baina beti intentsitate horiek bidai moduko bat egiten dute abestian. Ez gara plano batean geratzen, maite dugu abestiari jokoak ateratzea, intentsitatearekin gora eta behera ibiltzea, jotzeko momentuan ere intentsitate hori pausatuz...
Emaitza oso zuzenekoa da, imaginatu egiten da musika taula gainean.
Eta jende aurrean askoz gehiago disfrutatzen dugu gainera. Bost abesti hauek beste urrats bat izan dira taldearentzako. Lehenengoarekin oso gustora geratu ginen, horrela egin nahi genuen, baina nire ustez aurrerantz jarraitu dugu orain, ez gara geratu egindakoarekin, dena horrela egin behar dela esanez. Lehenengo diskoa oinarri bat izan zen taldeak aurrera egin ahal izateko eta egia esan pozik gaude bigarrenak beste zerbait duelako. Ez dakit indartsuagoa den, ulergarriagoa... Ez dakit zer duen, baina zuzeneko grina hori antzematen zaio eta badu beste gauza bat.
Hiruzpalau urte dira lehenengo diskotik.
Buelta asko eman dizkiozue kanta berriei?
Denbora guztia ez diogu Inoren Ero Ni-ri eskaini. Taldekide batzuk hain onak dira jotzen, klaro, gero fitxatu egiten dituztela. Haiek ere gustura, konpartitzen, jotzeko grinarekin: Anarirekin aritu dira batzuk, Fermin Muguruzarekin, Hotel taldea ere hor dago... Ibilbide horiek kontuan hartu behar dira eta Inoren Ero Ni-rekin tartekatzen asmatu. Pixka bat geldirik egon gara, urtebete inguru; aurreko diskoa jotzen urte eta erdi egon ginen eta etenaldia beste hainbestekoa izan da. Zuzenekoetan jende asko ari da antzematen gogo askorekin gaudela. Proiektu hau aurrera eraman nahi dugu besteak galdu gabe, eta horrek bere denbora eskatzen du.
Drakek taldea utzi du. Urte askoan elkarrekin ibili ondoren pena
haundia izango duzue ezta?
Diskoa grabatu aurretik jakinaren gainean geunden, baina erabakia ez zegoen erabat hartuta. Berari oso gogorra egiten zitzaion horrelako talde batek daraman dinamika: toki txikietan jotzen dugu, guk mugitzen dugu dena... bere lana dauka. Berak urte asko daramazki jotzen eta gaur egun gusturago ari da Anari bezalako proiektu batean. Diskoa grabatzeko ere esan zuen ez zeukala garbi. Abestiak berarekin eginak zeuden eta guk argi geneukan. Etenaldia irailean bukatzen genuen eta luzatu egin genuen, baina diskoa grabatu eta handik sei hilabetera garbi ikusi zuen ezin zuela. Tiraka ibili beharko genuke eta horrelako talde batek eskatzen dizu laurak batera ibiltzea topera, gauza bera emanez. Hogei urte bizi izan ditugu batera eta kristoren bajoia izan da, kristoren esperientzia politak, BAP!!-ekin bizi izan genuen guztia... Pena izan zen bai gure aldetik, bai beretik. Ez zitzaion batere erraza izan erabakia hartzea.
Nola izan da baxulari berriarekin hastea?
Bi hilabete pasata suertea izan dugu, Cadizeko lagun bat topatu dugu, Mariano Hurtado, eta hirugarren entsaiorarako kantak jotzen ari zen. Gu liluratuta geunden eta eskaini egin genion gurekin hastea. Geroz eta hobeto ari gara, bera hasi da abestiak sentitzen, ze lehenengoa ikastea izan da. Drakek egiten zuen lana ez zen nolanahikoa, baina Marianori ikusten zaio kanta batzuk barneratuta dituela, abestian murgiltzen dela.
Diskoko bi kantetan hitzak Xabier Montoiak eta Gorka Setienek idatzi dituzte. Lagunak dituzue ezta?
Montoiaren kasuan noizbehinka ikusten gara eta oso ondo elkartzen gara, aspaldiko lagunak gara. Gorka lagunen laguna da, hortik ezagutu dugu bera eta bere lana. Olerki oso onak ditu eta garbi ikusi genuen Noizpait kantako letra. Beti gustatu izan zait beste iturrietatik abestea, nireen antzeko ideiak besteen hitzetan ikustea. Montoiaren kasuan luze aritu ginen hizketan gai baten inguruan. Silikona kantako letra ia enkarguzko lana izan zen. ´Ideia hau daukat baina ez dakit nondik enfokatu` esan nion eta berak duen dohaina kristorena da. Bere bizitzan ehun abestitik gora musikatu ditu eta erraztasuna du. Egiteko era eta azaltzeko era asko maite dut, baita bere liburuak eta bere abestiak ere, bai M-ak taldearekin bai bakarka. Horrelako jendearekin kolaboratzeak eragiten dizu hitzak asko barneratzea. Nik egindakoak barneratzen ditut, baina besteenak ere ondo azalduta baldin badaude eta eragiten didan gai bati buruz eginda badaude, askoz joko gehiago ateratzen diet abesteko momentuan.
Hitzetan ukitu pesimista bat ere badago.
Bai, badago, baina bizitzaren felizidadia ahaztu gabe. Niretzako hori musikan dago eta saiatzen naiz letretan, ezkorra banaiz ere, ukitu alaia edo umorezkoa tartekatzen. Hazi izan kantako letra adibidez bada ezkorra, baina era berean bultzatzen du horri buelta ematera. Askotan esan didate pixka bat ezkorra naizela hitzak idazterako momentuan, baina gauzak beste ikuspuntu batetik azaltzeko da.
Metak-ekin atera zenuten lehenbiziko diskoa. Hura itxi zen eta Bidehuts sortu duzue Anarik, Lisabök eta Inoren Ero Ni-k. Nolakoa izan da batetik besterako jauzia?
Aldaketa kristorena da. Honek ematen duena zera da: guretzako lana bikoiztu egiten dela. Lana da. Gu orain arte musikaz bakarrik arduratu gara. Baina gaur egun puntu batera iritsi gara industriaren istorioa, diskoetxeena, Internet... dena aldatu da eta gauzak egiteko era egokitu behar duzu. Hasiera da eta oso gustura hartu ditugu lan horiek. Lehen diskoetxeetan erabaki batzuk hartuta zeuden aldez aurretik, guk ezin genuen sartu ezta eztabaidatu ere.
Orain askeago ari zarete beraz.
Hori da. Joan zaitez diskoetxe batera esanez bost abestiko binilozko disko bat atera nahi duzula. U2 edo horrelako talde haundiren bat ez baldin bazara... Atzo gazte batzuk lokalean horretaz galdetu ziguten, biniloan argitaratzearena melankolia kontua ote zen. Borjaren erantzuna oso ona izan zen: ´Melankolikoak ez, nik inoiz ez dut galdu biniloekin harremana`. Ni berriz ez naiz ez melankolikoa ez jarraitzailea, beti ibili naiz kasetekin eta ez nuen horrelako miresmenik. Baina gaur egun piztu egin zait pixka bat. Platera gabe nengoen etxean eta lortu egin dugu. Disko batek duen gorputza desberdina da: CD bat poltsikoan gordetzen duzu eta ahaztu egiten duzu daukazula ere. Askoz politagoa egin zait oraingoa, ateratzeko momentuan beste ilusio batekin hartu dut, neurri batean Bidehuts guk sortuda delako eta gure lanetik ari delako ateratzen, horrek ematen duen ahalmenarekin: gure erabakiak dira lagunen arteko eztabaida gutxi batzuekin.
Oraindik hardcorea egiten duzuela esan izan duzu.
Hamazazpi-hemezortzi urterekin hasi nintzen musika egiten, oinarrizko punka. BAP!!-ekin egin genuen punka, ska, harcdorea, reggaea, funkya, rocka, post-rocka, heavy metala... eta maite ditut musika mota horiek guztiak. Ez naiz sailkapenen oso aldekoa, baina behin joko horretan sartuta, guk estilo askotako musikak elkartzen ditugun arren, nortasun oso finkatu batekin egiten dugu, eta hortik dator hardcorea egiten dugula esatea. Jarrera kontua da: hitzak, musika, non mugitzen zaren, zer harreman duzun joaten zaren tokietan... Hardcorea niretzako sentimendu bat da.