Bihar hasiko da herriko ikastetxeetan matrikulazioa kanpaina. Apirilaren 11 arte luzatuko da ikastetxe gehienetan. Herrian bost ikastetxe daude, bakoitza bere hezkuntza proiektuarekin. Guztiek eskaintzen dute kalitatezko zerbitzua. Orain gurasoen txanda da, aukeratzeko beren seme-alabak zein ikastetxeetara joango diren. Udalak, ikastetxeekin batera, herrian eskolaratzeko kanpaina egingo du.
Bost ikastetxe, bost hezkuntza proiektu
Herrian bost ikastetxe daude: Elizatxo Ikastola, Langile Ikastola, Urumea Ikastola, Inmaculada Ikastetxea eta Ereñotzuko Txirrita Eskola. Herrian bi ikastetxek eskaintzen dute 0-3 urte bitarteko zerbitzua: Hernaniko Haur Eskolak eta Inmaculada Ikas-tetxeak. 2-12 urte bitartekoentzat lehen aipatutako bost ikastetxeak daude: Elizatxo, Inmaculada, Langile, Txirrita eta Urumea. 12-16 urte bitartekoentzat aurreko guztiek badute zerbitzua, Ereñotzuko Txirrita Ikastetxeak izan ezik; 16 urtetik aurrerako gazteentzat Hernani Institutuak, Inmaculada Ikastetxeak eta Lanbide Hastapeneko ikastetxe bat daude herrian bertan. Guztiek eskaintzen dute, besteak beste, D eredua, ingelesa edo frantsesa eta teknologia berrietan formazioa.
Diru laguntzak
Hezkuntza eta enplegu bulegotik jakinarazi dutenez, udalak diruz laguntzen ditu ikastetxeak, eskolaz kanpoko ekintzak egiteko. Diru laguntza horiek ikasle kopuruaren arabera ematen dizkiete ikastetxeei. Salbuespen bakarra Ereñotzuko Txirrita Ikastetxea da, izan ere, bere ezaugarriak medio, ikasle bakoitzeko hiru aldiz diru gehiago jasotzen du. Diru laguntza horiez gain, Udalak ikasturtean zehar bilerak egiten ditu ikastetxeetako ordezkariekin eta hainbat ekintza ere diruz laguntzen ditu, esate baterako, aurreko urtean antolatutako Chillida Leku ezagutzeko irteerak.
‘Herrian bizi, herrian ikasi’
Hernaniko Udalak, herriko ikastetxeekin batera, Herrian bizi, herrian ikasi kanpaina bultzatu du azken urteetan herriko jendea bertan matrikulatzeko, izan ere, oraindik orain kalkulatzen da ikasle kopuruaren %18 inguruak herritik kanpoko ikastetxeetara jotzen duela. Azken urteetan jaiotze tasak gora egin du herrian eta ondorioz matrikulazio tasak ere bai. Hala ere, herritik kanpo matrikulatutakoen kopuruak berdintsu jarraitzen du. Hori dela eta, kanpaina honen bitartez herriko eskaintza zehatza ematen da eta herrian ikasteak dituen abantailak azpimarratzen dira, esate baterako, gurasoek seme-alaben heziketa hurbiletik jarraitu dezakete, erosoagoa da, umeek ez baitute egunero joan-etorrian ibili behar eta eskolaz kanpoko jardueretako eskaintza eta azpiegitura hurbilago dute.