DAVID Rufo, Tunezen barrena ibili da bizikletan 22 egunez, joan den ostiralean itzuli zen bidaitik eta bidaiko pasadizo eta esperientziak bizi-bizi dituela, expedizioaren gorabeherak azaldu dizkigu. Bidaia Tunisia hirian hasi zuten eta ondoren hegoalderantz abiatu ziren, Hammamet, Sbeitla, Gafsa, Tozeur, Douz eta Ksar Ghilanetik barrena. Bidaia osaba eta lehengusuarekin batean egin du, beharrezkoa soinean zeramakitela. Bataz beste 70 km. egin dituzte egunero, baina etapa luzeenean 115 km. ere egin zituzten. Chot-El-Jeriden izan zen hori, leku ikusgarria bidaiariak azpimarratu duenez. Izan ere, laku hori gazia da eta lehortzen denean dena zuri zuri geratzen da hondoa, gatzez beteta. Lakua oso haundia da eta alde batetik bestera zeharkatzeko egin zituzten km. guzti horiek. Tunez iparra eta hegoa oso ezberdinak omen dira Davidek azaldu duenez, Iparraldean, kosta inguruan, turismoa da nagusi eta okzidentalen giroa somatzen da. Hegoaldean ez omen da apenas turismorik eta giroa oso bestelakoa da.