Hernaniko batelak Getarian, gaur, itsasoak laguntzen badu

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 29a, 01:00

Hernaniko batelak gaur
Getariako uretan izango dira Gipuzkoako ligako azken hirugarren estropadan. Infantil eta kadete mailan neurtuko dira hernaniarrak eta orain arteko azken postuak hobetzea izango da euren helburua, azken aldian gehiegi entrenatzerik izan ez badute ere. Izan ere, Urumeak azken egunotan ez die entrenatzeko aukera haundirik eman, euriteen ondorioz oso zakar etorri delako eta gaur hori antzeman lezakete hernaniarrek. Estropada 16:00etan da hastekoa, eta Getariako portuan edo itsasoan egingo dute, itsasoak laguntzen badu, noski, azken aldian hau ere zakar antza dabil eta. Liga bukatzeko hiru estropada falta dira orain: gaurkoa, apirilaren 5ean Errenterian, eta apirilaren 6an Trintxerpen. Ondoren, Gipuzkoako txapelketa jokatuko da apirilaren 13an, eta klasifikatoria apirilaren 12an, San Pedron.

Traineriletan senior taldea izango du
Hernanik Trainerilen liga maiatzaren 1ean da hastekoa. Hor ez da infantil eta kadeterik izaten, baina Hernanik taldea aterako du seniorretan, taldeko arduradunek Kronikari jakinarazi diotenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!